“Ez genuen gura bigarren urte bat aurrez aurreko Durangoko Azokarik barik egon”

Aritz Maldonado 2021ko ira. 18a, 10:30

Ekainetik, Beñat Gaztelurrutia (Abadiño, 1976) da Gerediaga ekarteko kudeatzailea. Urteetan bazkidea izan eta gero, elkartearen barne funtzionamendua eta potentziala ezagutzen ari da orain. Platerueneko zuzendari lez hartu-eman estua izan du Durangoko Azokagaz hainbat urtean. 56. Durangoko Azoka antolatzea eta Gerediagaren lana Durangaldetik kanpora ezagutzera ematea ditu erronka, besteak beste.

Durangoko Azokak bisitariak izango ditu berriro.
Ez da izango aurrekoen moduko azoka bat, baina aurrez aurrekoa izango da behintzat. Ez genuen gura beste urtebetez aurrez aurreko azokarik barik egon. Iazko harrera ikusita, Interneten bitartez erosteko aukera ere mantenduko dugu.

2019ko Azokatik hurbilago egongo da 2020kotik baino, aurrez aurrekoa izango da eta. Mugaz eta konplexutasunez beterikoa izango da. Gune guztiak berreskuratuko ditugu, eta egitaraua izango dute guztiek. Beharbada ez du edukiko 2019koaren besteko bolumena, baina martxan egongo dira gune guztiak.

Plateruena ere bai?
Ahotsenea Plateruenean bertan egotea gura genuke, iaz egin zen moduan. Eta uste dugu egongo dela aukera horretarako.

Gustatzen zait Ahotsenea Plateruenean egitea, leku naturala dela iruditzen zaidalako, lekuagaitik eta egindako ibilbideagaitik. Baina hori koordinazio mahaian adostu beharrekoa da.

Iazko Azoka positiboki baloratu zenuten.
Iazko Azokaren balorazio ona egin genuen, baina testuinguruan jarrita, beti ere. Iaz aukera bi zeuden: ez egitea, edo egin zenaren modukoa egitea. Azoka digitala egitea erabaki genuen, aurkezpen presentzial gutxi batzuk antolatuta tarteko. Helburua aurrez aurreko Azoka berreskuratzea da. Ez genuen gura bigarren urte bat aurrez aurreko Azokarik barik egon, egoera ez normalizatzeko.

Gauzak lortzea oso nekosoa da, asko kostatzen du, baina horiek galtzea oso erraza da, egun batetik bestera galdu daitezke. Ez genuen gura bigarren urte batez Azoka aurrez aurrekoa ez izatea. Gure helburua betiko Azoka errekuperatzea da, horrek ekarri beharko lituzkeen gauza guztiekin. Azokaz eta guneetako egitarauaz gainera, herrira datorren jendea, sortzen diren hartu-emanak, interakzio sozial hori errekuperatu gura dugu. Aurten hori dena lortuko dugu? Seguruenik ez, baina berreskuratzen hasiko gara.

Kudeatzaile lez hile gutxi batzuk daramatzazu, baina kulturgintzan urteak daramatzazu. Igartzen duzu presiorik?
Bai, jakina. Kontrakoa esango banu gezurretan ibiliko nintzen. Dena dela, momentu egokiaren zain egonez gero, bizitzan erabaki gutxi hartuko genituzke. Hauxe da dugun egoera. Beste urte batzuetan baino estuago egongo gara, baina denok; estuago egongo gara gu, eta baita taberna bat zabaldu behar duena ere. Gero, kezka edo presio pertsonala ere badut, nire lehenengoa izango delako, eta denak ondo irtetea gura dudalako. Baina Azokaren bueltan lanean gabiltzan denok dugu presio hori, bazkide zein langile; euren onena atara guran dabiltzala igartzen da.

Zerk erakarri zaitu gehien erronka hau onartzeko?
Bizitzako ibilbidean beste atal bat zabaltzeko aukera lez ikusi dut. Ez dut uste beti ibili naizen lekutik oso aparte nabilenik; hau da, esparru berean jarraituko dut, herri mailan, kulturgintzan bakarrik ez, gizartegintzan, herri elkarteetan lanean, pertsonentzat. Hori oso eremu aberasgarria iruditu zait beti, eta horren jarraipen lez ikusi dut hau, eta horrek erakarri nau. Durangoko Azokagaz lotzen da Gerediaga, baina Durangaldean badakigu ez dela hori bakarrik; ibilbide historikoa duen elkartea da, ertz asko ukitzen dituena, eta hori bera oso erakargarria zait.

Zuzendaritza ere aldatu du Gerediagak. Esku artean zein proiektu eta erronka dituzue?
Niretzat, hasiberritan, gatx egiten zait honi erantzutea. Elkartearen jarduna, bazkide moduan, ezagutzen nuen, baina barrutik orain ari naiz ezagutzen. Oraintxe nabil neurtzen noraino heldu daitekeen gaitasuna. Gauza bat da zer egin gura den, eta beste bat zer egin daitekeen. Orain, zuzendaritza batzordea aldatu dela, jendea aktiboki parte hartzeko gogoz dago; sortu daitezkeen proiektu berriak erabaki eta aurrera eramango dira.

Nire ustez, Gerediagaren lana ez da behar besteko ezaguna. Beraz, Gerediagak bere lana hobeto ezagutarazi beharko luke Durangaldeko zein Euskal Herriko gainerako herrietan. Eta gero, helburu orokor modura, egingo dituen ekimen guztiak gaur egungo gizartearen neurrira egin beharko lituzke.

Sormen Bekaren laugarren deialdia martxan

Laugarren urtez, Gerediaga elkarteak Sormen Beka antolatuko du. Oraingo honetan, parte hartzaileek praktika artistiko batean oinarrituriko lan digital bat sortu beharko dute. Irailaren 21era arte egongo da izena emateko aukera. Horrez gainera, Durangaldeko sortzaileek Gerediagaren erakusmahaian euren lanak erakusteko aukera edukiko dute beste urte batez. Durangaldeko musikari, idazle eta sotzaileak izena ematera animatu ditu Gaztelurrutiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!