Durangoko Udalak Bizkaia-Durango emakumezkoen txirrindulari taldearen lana aintzatetsi du

Anboto 2021ko ira. 16a, 13:26
Durangoko udaletxean egindako ekitaldiko irudia.

Ekitaldian, Udaleko arduradunek Mikeldiren idoloaren erreplika txiki bat eman diete.

Durangoko Udalak aitortu eta goraipatu egin nahi izan du Bizkaia-Durango emakumezkoen txirrindularitza taldeak emakumeen kirola sustatzearen eta Durangoren izena mundu osoan zabaltzearen alde egiten duen lana. Horregatik, Ima Garrastatxu alkateak, Julian Rios alkateordeak eta Ane Abanzabalegi Durango Kirolak-eko presidenteak eskerrak eman dizkiete udaletxeko Osoko Bilkura Aretora bertaratu diren klubeko kideei. "Ohore bat eta harro sentitzeko modukoa da Durangoren izena mundu osoan nola zabaltzen duzuen ikustea. Durangon altxor handi bat dugu: Durango hobeagoa eraikitzeko lan egiten duzuen elkarte eta klubak. Udalak lanean jarraituko du egiten duzuen lana sustatzeko eta zuen lana errazteko", adierazi dute.

Ekitaldian, Udaleko arduradunek Mikeldiren idoloaren erreplika txiki bat eman diete, eta emakumeen kirola sustatzeko eta Durangoren izena mundo osoko txokoetan zabaltzen jarraitzera animatu dituzte. Bestalde, txirrindulariek eta Bizkaia-Durango-ko talde teknikoak eskerrak eman nahi izan dizkiote Durangoko Udalari.

Bizkaia-Durango UCI Women's Continental Team mailako emakumezkoen txirrindularitza taldea da, munduko errepideko txirrindularitzako bigarren mailakoa. 2004an profesionalismora igo zen, eta profesional gisa urte gehien iraun duen Estatuko emakumezkoen taldea da. Bizkaia-Durango La Duranguesa elkartearen egituraren parte da, eta babesle nagusiak Bizkaiko Foru Aldundia eta Durangoko Udala dira.

Holandara, denboraldia amaitzeko

Azken asteburuan Kantabrian ospatu den lasterketaren ondoren, talde durangarrak Holandara joko du denboraldiari amaiera emateko. Zentzu horretan, Udaleko arduradunek hurrengo denboraldirako desiorik onenak azaldu dizkiete: "Datorren denboraldia azkena bezain emankorra izatea espero dugu, eta durangarrok zuen balentriez gozatzen jarraitu ahal izatea. Udalak norabide horretan laguntzen jarraituko du, durangarroi pozak ematen jarrai dezazuen".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!