Durangoko Udalak Europako Mugikortasunaren Asteagaz bat egin eta egitarau bat prestatu du. Herriko elkarteekin batera osatu du programa, helburu modura mugikortasun jasangarriago eta osasuntsu bat markatuta. Ima Garrastatxu alkatearen berbetan, Durangon mugikortasun "eredu berri bat" bultzatzen saiatzen ari dira. "Oinezkoentzako eta bizikletentzako eremuak berreskuratzen ari gara. Sanagustinalde kalea dugu horren adibide", esan du. Agerraldia Sanagustinalden egin izana ez da kasualitatea, duela aste batzuk kale horretaraino hedatu baitzuten Emisio Baxuko Eremua. Bestalde, alkateak herritarrak deitu ditu ibilgailu motordun gutxiago erabiltzera, eta, horren ordez, oinez edo bizikletan mugitzera.
Julián Ríos alkateordeak adierazi du "beharrezko urratsak" emango dituztela mugikortasuna eraldatzeko bidean, eta horren adibide gisa ipini du Durangon aspaldidanik egin diren aldaketak. "Gogoan dut ibilgailuak udal plazan aparkatuta egoten zirela lehen. Gaur egun ez da horrela, eta eskertu ere egiten da halakorik ez egotea", dio. Aurrerantzean ildo beretik lan egiten jarraituko dutela esan du, "urrats sendoak eta beharrezkoak" emanda.
Aitor Larruzea Durangoko ingurumen teknikariak elkarteekin batera antolatu dituzten egitarauaren xehetasunak eman ditu:
EGITARAUA (Irailaren 18a / 11:00 - 14:00)
Benita Uribarrena parkea
- Mountain bike zirkuitua
Ezkurdi
- Ostadarra galtzadan
- Grafitia eta jolasak
Jose Miel Barandiaran kalea
- Buztingintza tailerra
- Xake tailerra
- Ur jolasak
- Jolas tradizionalak
Sanagustinalde
- Bizikleta irteera
- Bidegorrira irteera
- Txirrindularitza materiala
- Bizikleta-scalextric
- Banaketarako ibilgailu jasangarria