Paul Bereziartuak Euskal Herriko mendi duatloien proba irabazi du Beasainen eta sailkapen orokorrean lider jarri da

Anboto 2021ko ira. 12a, 14:07

Orain arte lehiatu diren lasterketa bietan ez da podiumetik jaitsi: bigarren Igantzin eta atzo lehenengo Beasainen.

Paul Bereziartua (21 urte, Durango) udako entrenamenduen saria jasotzen ari da  mendi duatloien txapelketako hasiera honetan. Joan zen asteburuan bigarren amaitu zuen Igantzin eta atzo podiumaren gorenera igo zen Beasainen. Emaitza bi horiekin sailkapen orokorreko lider jarri da, Aiaramendi taldeko Iñaki Isasirekin 190 puntura berdinduta. Isasik ere garaipen bat eta bigarren postu bat eskuratu ditu orain arte.

Atzoko lasterketa -4 km korrika, 11 bizikletan eta 2 korrika- mendiko bizikletako tartean apurtu zen. Ordura arte hiru lagun zihoazen buruan. Bizikletako 11 kilometroetan Bereziartuak aurrera egin zuen eta bakarrik helmugaratu zen: 1.11.10. Isasi 42 segundo geroago helmugaratu zen. Eneko Gurrutxagak osatu zuen podiuma.

Euskal Herriko mendi duatloien txapelketa hamar lasterketek osatzen dute. Beraz, zortzi falta dira amaitzeko. Momentuz ia astebururo diren hurrengo probetan parte hartzeko asmoa du Mugarra Triatloi Taldeko gazteak. Musukularki oso modalitate exigentea dela dio eta gorputzak esango diola txapelketa osoan parte hartu ala ez.

 

Paul Bereziartua atzo helmugara heldu zen unea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!