Durangoko deskontu bonuak online eskuratu ahalko dira irailaren 15etik aurrera

Anboto 2021ko ira. 10a, 14:02

65 urtetik gorako durangarrek ohiko salmenta puntuetan eskuratu ahalko dituzte bonuak, irailaren 13an eta 14an. 15etik aurrera durangar guztiek lortu ahalko dituzte, web orri honetan.

Durangoko Udalak trantsizio digitalean sakonduta ekingo dio deskontu bonuen kanpaina berriari. Kanpaina irailaren 15ean hasiko da eta berrikuntza bat ekarriko du besapean: oraingoan online ere eskuratu ahalko dira txartelak, bonoa.durango.eus atarira jota. Udalak adierazi du tresna horri eskerrak saihestu egingo direla orain arte saltokietan sortu izan diren ilarak. Web orriak, bestalde, kanpainari atxikitako negozioei buruzko informazioa ere eskainiko du, eta negozioek eurek app bat izango dute eskura, erosleek aurkeztutako merkataritza bonuak erregistratzeko, erosketa tiketak atxikitzeko edo eskatutako dokumentuak igotzeko.

Bestalde, informatika ezagutza gutxiago duten herritarrei laguntzeko asmoz, udalak bonuak fisikoki eskuratzeko aukera emango die 65 urtetik gorako durangarrei. Herritar horiek orain arteko saltokietara jo ahalko dute bonu bila, irailaren 13an eta 14an. Hau da, Kurutzesantura, Arte eta Historia Museora, Bizenta Mogel bibliotekara edo Adinekoentzako Udaltegira. 

Udal agintariek teknologia berrietara egokitzen joateko beharra azpimarraptu dute. "Azken bi urteetan parte hartzeko webgune bat aurkeztu dugu (partehartu.durango.eus), hilabeteak daramatzagu udal webgune berria eraikitzen,kultur programaziorako app bat dugu (Durango Kulturaz Blai–DKB) eta orain Komertzio Bonuetarako aurkeztu dugu webgune hau (bonoa.durango.eus)", adierazi dute Aritz Bravo eta Neskutz Rodriguez zinegotziek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!