Antso Estegiz kalea berrurbanizatzeko eta trenbide zaharraren orubeari buruz aritzeko prozesu parte hartzaileak egingo dituzte

Ekaitz Herrera 2021ko ira. 6a, 13:06

Durangoko gobernu taldeak ikasturte politiko berria aurkeztu du. Bi proiektu horietaz gainera, Plateruena, Eguzkitzaren industrializazioa, Merkatu plaza eta Tabirako igerilekuak izango dituzte ikasturte honetako erronka gisa.

Durangoko gobernu taldeak ikasturte politiko berria aurkeztu du eguerdi honetan. Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak datozen hilabeteetan landuko dituzten lan-ildo nagusiak azaldu dituzte prentsaurrean. Proiektu nagusietako bi Antso Estegiz berrurbanizatzea eta Trenbide zaharraren orubearen geroari buruz aritzea izango dira. Lehenengoaren kasuan, udalak prozesu parte hartzaile bat egitea aurreikusi du bizilagunekin batera. Ríosek esan duenez,  bertako auzotarrekin duten "zor historikoa" kitatuko dute horrela. PERI 1 Trenbidea delakoari buruz ere, beste horrenbeste. Udalak prozesu parte hartzaile bat hasiko du orubearen geroa lantzeko. Plan Orokorragaz egin bezala ekingo diote bideari, durangarrekin batera. Garrastatxuk ez du data zehatzik argitu, baina aurreratu du prozesua "udazkenean" hasiko dela martxan.

Bi agintariek berbagai izan duten beste erronketako bat Plateruena izan da. Alkateak aurreratu du irailean emango dituztela Plateruenaren geroari buruzko xehetasun gehiago. Alde batetik, Emun aholkularitza taldeak martxotik ekainera bitartean egindako prozesu parte hartzailearen emaitzak aurkeztuko dituzte. Bestetik, udal teknikariak Plateruenari buruz egiten ari diren txosten teknikoaren emaitzak kaleratuko dituzte. Bi txosten horiekin "aurrerantzean zein bide dauden" argituko dela aurreratu du Garrastatxuk.

"Lehenengo eguneko ilusioa" 

Ima Garrastatxuk adierazi du "lehenengo eguneko ilusioagaz" berrekingo diotela lanari. "Lan horretan durangar guztiak hartu gura ditugu kontuan, ezberdintasunetik harago", esan du. Julián Ríosek, bestetik, adierazi du "akordioetan oinarritu" gura dutela. Alde horretatik, oposizioako alderdiak entzuteko "prest" daudela eta eurekin lan egiteko gertu daudela adierazi du. Berdin norbanakoekin eta herriko elkarteekin ere bai.

Bi agintariek aipaturiko beste erronka batzuk honakoak dira: Ezkurdiko frontoia birmoldatzea, Skate parkeak egitea, Eguzkitzaren industrializazioa garatzea, Merkatu Plazako proiektua garatzea, Andra Mariko elizpea birmoldatzea eta Tabirako igerilekuak birmoldatzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!