"Neurri berria ondo hartu dugu. Espero genuen. Baina oraindino ez dugu ulertzen zergaitik jaitsi zen %35era kulturan", gaineratu du. Horrek herritarrengan "eragin psikologikoa" izan duela iritzi dio Ferrerasek. "Jendeak beldur moduko bat izan du. Zinemako edukiera %35ekoa bada, zerbaitegaitik izango dela pentsatuko zuten. Beldur hori igarri dugu", azaldu du Ferrerasek.
Abuztuko azken aste bietan zinema aretoa zarratzea erabaki zuen Ferrerasek, baina ateak berriro ere zabaltzea erabaki du orain. Alderik alde, eta gogotsu. Egunotan mugimendua igartzen dabilelako sektorean: "Egoera lehengoa baino dezente hobea da. Jendea bueltatzen hasi da. Estreinaldietako saila gure txarteldegia betetzen ari da. Pelikula asko dugu. Astean bospasei pelikula ematera helduko garela esango nuke. Eta, jakina, edukiera handitzeak ere badu eragina film banatzaileen erabakietan", dio. Orain, Durangoko eta eskualdeko herritarrak bertaratzea baino ez da falta. "Udazkenari begira rock musikari buruzko dokumental sorta bat eskaini gura dugu, udalagaz elkarlanean. Kultura sailagaz ere bagaude hartu-emanetan. Euskarazko pelikula sorta bat eskainiko dugu goizetan. Marvelen estreinaldi bat dugu zain. Almodovarrena ere bai. Hau guztia beste itxura bat hartzen hasi da", dio Ferrerasek.