Bere ibilbidean lehenengoz, Elisabeth Luengo durangarrak arku-tiroko Europako txapelketan parte hartuko du, Kroazian

Joseba Derteano 2021ko ira. 3a, 15:00

Elisabeth Luengok (Durango, 1992) bere neurri-neurriko modalitatea deskubritu du zelaiko arku-tiroan. Iaz probatu zuen lehenengoz, ia gura barik, osasun krisiak txapelketa asko bertan behera utzi zituenean. "Edo hor parte hartu edo etxean geratu, ez zegoen beste aukera askorik, eta probatzea erabaki nuen", dio. Eta zelan diren kontuak, Espainiako txapelketa hura irabazi egin zuen. Aurtengo aldian, ostera, bigarren tokian amaitu du. Emaitza horiek eta sailkapen probetan lorturiko puntuek Europako txapelketa baterako atea zabaldu diote, bere ibilbidean lehenengoz. Irailaren 5etik 12ra izango da, Kroazian, Porec izeneko herrian.

Gaur Madrilera joan da eta han Espainiako selekzioko kideekin elkartuko da. Entrenamendu saio bat egin, eta asteburuan Kroaziara bidaiatuko dute. Luengo datorren asteko eguaztenean sartuko da lehian. Bere helburua 20 onenen artean geratzea da. "Beste arkularien aurtengo puntuazioei eta Europako txapelketako iazkoei begiratuta, postu horren bueltan ibili naitekeela uste dut", adierazi du Durangoko Arkulariak taldeko arkulariak.

Modalitate bitxia
Toki beretik mugitu barik geziak distantzia jakin batera jaurtitzen,  horrela imajinatzen ditugu arkulariak, normalean. Bada, zelaiko arku-tiroa parametro horiek guztiz apurtzen dituen modalitatea da. Arkulariek, geldi egon beharrean, zirkuitu bat osatu behar dute baso batean zehar. Bidean dianak aurkitzen dituzte. Diana batzuen kokapena aurretik ezagutzen dute, baina beste batzuena ezezaguna da, bidea egin ahala deskubritzen dute. Beste berezitasun bat da dianak hainbat distantziatara egoten direla, eta sarritan jaurtiketak ez dira zuzen-zuzen horizontalean egiten, aldats gora edo aldats behera baino. "Ohiko modalitateak mekanikoak dira, baina zelaikoa dinamikoa da eta gustuko dut hori. Fisikoki ondo prestatuta egotea ere eskatzen du", azaldu du Luengok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!