Durangoko jaiak bertan behera utzi dituzte eta jai batzordeak lasaitasunez jokatzeko deia egin du

Anboto 2021ko ira. 1a, 21:02

Aurten ere ez da San Fausto jairik ospatuko Durangon. Dena dela, udalak, herriko elkarteek eta Jai Batzordeak programazio kultural bat eskainiko dute udazkenean zehar. Egitaraua irailaren 18an hasiko da eta hilabete bi iraungo du.

Aurten ere ez. Ez da posible izango. Pandemiaren bilakaera hobera egiten ari den arren, Durangoko Udalak, Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak ez dute jairik antolatuko. Patxikotxuk eta Pantxikek beste urtebete itxaron beharko dute Durangoko kaleetara bueltatzeko. Dena dela, horrek ez du esan gura herrian alaitasunik faltako denik. Udalak, Jai Batzordeak eta herriko eragileek Kulturaro egitaraua antolatu dute udazken honetarako.

Programa irailaren 18an hasiko da eta bi hilabetetan zehar luzatuko da. Durangoko Udalak oraingoz ez ditu kultur eskaintzaren xehetasun guztiak eskaini, baina aurreratu du Izaro, Ene Kantak eta Mikel Urdangarin arituko direla emanaldiak eskaintzen. Behin betiko egitaraua irailaren 9an aurkeztuko du. Horrez gainera, kaleak alaitzeko asmoz hainbat musika, antzerki eta dantza ikuskizun egongo direla aurreratu du udalak: “Pandemia hasi zenetik Durangon erakutsi dugu Kultura segurua dela, eta Kulturaren bitartez durangarrok gozatzen eta ondo pasatzen badakigula. Bide horretan sakonduko dugu, beste aurrerapauso bat emanez”, azaldu dute udal iturriek.

Lasaitasun mezua

Jai Batzordeko kideek lasaitasun mezu bat helarazi die durangarrei: “Patxikotxu eta Pantxike gure zain daude, baina emango diegu datorren urtean merezitako ongietorria. jarrai dezagun gure buruak eta gainontzekoenak zaintzen”. Iaz ere ez zen San Fausto jairik ospatu Durangon. Udalak dispositibo berezi bat prestatu zuen, jaiegunei lotutako egunetan ohikoa baino jende gehiago antzematen bazen, herriko sarrera-irteerak zarratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!