'Labur esanda' film laburren lehiaketa bueltan dator 300 eta 100 euroko sariekin

Anboto 2021ko ira. 1a, 09:24

Berbarok lehiaketa antolatzen duen bigarren aldia da. Irailaren 10ean eta 11n egingo da, San Agustin kulturgunean.

Ondo pasatzeko gogoa, euskaraz sortzeko grina eta umore dosi bat. Lehiakideek osagai horiek beharko dituzte Labur esanda txapelketan parte hartzeko. Berbaro euskara elkarteak film laburren lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du. Lehia irailaren 10ean eta 11n egingo da San Agustin kulturgunean. Parte hartzaileek 24 ordu izango dituzte film labur bat grabatzeko eta entregatzeko. Irailaren 10ean, barikuan, 16:00etan, emango diote hasiera atzera kontaketari.San Agustinen bertan emandako gai bat, objektu bat eta esaldi bat erabili beharko dituzte filmean zehar. Gero, bideoak entregatuta, irailaren 11n, lan guztien emanaldia eta sari banaketa egingo dute. Hori gaueko 22:00etan izango da. Berbarok aurreratu du aurten hiru sari egongo direla: 300 euroko saria irabazlearentzat, eta 100 euroko beste sari bi, gainerako bi finalistentzat.

Lehiaketan parte hartu gura dutenek laburesanda@berbaro.eus helbidera idatzi beharko dute. Emanaldirako sarrerak zapatuan bertan eskuratu ahalko dira, 20:00etatik aurrera, San Agustinen bertan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!