[BIDEOA] Sanagustinalde eta Barandiaran kaleetako trafikoa jaiegunetan mugatzeko neurria asteburu honetan sartuko da indarrean

Anboto 2021ko abu. 31a, 15:00

Neurri berriagaz 25.000 metro karratuko espazioa sortuko da oinezkoen eta bizikleten mesedetan. Sanagustinalde eta Barandiaran kaleetako bizilagunek sistema berrian eman beharko dute alta.

Durangoko Udalak gaur sartuko du indarrean Alde Zaharrera sartzeko ordenantza berria, eta arau horrekin Sanagustinalde eta Barandiaran kaleetako trafikoa mugatuko du hemendik aurrerako jaiegunetan. Hau da: bi kale horietako espazioa oinezkoentzat, bizikletentzat eta bizilekua edo garajea bertan duten herritarrentzat baino ez da erabilgarri egongo. Horregatik guztiagatik, kale bi horietan bizi diren durangarrek sistema berrian eman beharko dute alta. Herritarrentzako Arreta Zerbitzura zein Egoitza Elektronikora jo beharko dute horretarako.

Arau berri horretara ohitzeak ekar ditzakeen zailtasunen aurrean, udalak "trantsizio epe" bat ezarriko du. Denbora tarte horretan, "gezurrezko isun bat" igorriko die Emisio Baxuko Gunera sartuta arau hausteren bat egiten duten gidariei. "Isun hori ez da ordaindu beharko, eta gidariak jakin ahal izango du etorkizunean zer ondorio ekonomiko izan ditzakeen Emisio Baxuko Gunera sartzeak", azaldu du udalak ohar batean. "Badakigu aldaketa guztiek esfortzua eskatzen dutela, baina aurrera egin behar dugumugikortasun eredu berri baterantz, oinezkoek eta txirrindulariek espazio seguruak izan ditzaten", azaldu dute Iker Urkiza eta Jorge Varela zinegotziek.

Bestalde, ibilgailuek ezin izango dute Galtzareta kaletik Sanagustinalderako bidegurutzea egin, "gerta daitezkeen istripuetatik puntu arriskutsu bat desagerrarazteko eta Sanagustinalden trafiko txikiagoa eragingo duen mugikortasuna aldatzeko".

Alta ematea

Egungo sisteman alta emanda dauden Alde Zaharreko bizilagunek ez dute inolako
izapiderik egin beharko. Udalak hartuko ditu beregain aldaketa horiek. Baina esan bezala, Sanagustinalde eta Barandiaran kaleetako bizilagunek, bai. Horiek altan eman beharko dute bihartik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!