Durangoko Udalak deskontu bonuen kanpaina berri bati ekingo dio irailean eta komertzioei dei egin die bertan inskribatzera. Izena eman gura duten komertzio berriek, dagoeneko zabaldua dute epea. Dokumentazioa Herritarrentzako Arreta Zentroan entregatu beharko dute, horretarako, aldez aurretik 639580023 telefonora deituta edo WhatsApp bat bidalita. Inskripziorako beste bide bat egoitza elektronikoa da. https://labur.eus/BonoKanpainaDurango helbidera jo dezakete horretarako.
Aurreko kanpainan egin bezala, establezimendu bakoitzak 15 euroko 200 bonu onartu ahal izango ditu gehienez.
Hau da, Udalak 3.000€ ordainduko dio gehienez negozio bakoitzari, nahiz eta saltokiak bonu gehiago aurkeztu. Neurri horren helburua bonuak komertzioen artean dibertsifikatzea dela adierazi du udalak. Bestalde, udal agintariek adierazi dute aurten ere hiru deskontu kanpaina egingo dituztela. "Modu horretan herriko ekonomia suspertzea ahalbidetuko dugu, herriko negozioei eta kontsumitzaileei lagunduz”, adierazi dute Aritz Bravo eta Neskutz Rodriguez zinegotziek.