AP-8 Peajerik Ez plataforma: "Eubako sarrera-irteerak zementu eta asfalto gehiegi duen landa-eremu batean inpaktu negatibo berri bat sortzeko baino ez du balioko"

Anboto 2021ko abu. 8a, 10:49
Artxibo irudia: AP-8 Peajerik Ez plataformaren elkarretaratzea.

Euban AP-8ko sarrera-irteera eraikitzeko proiektua alegazio epean sartu da. AP-8 Peajerik Ez plataformak proiektu honen inguruko iritzia plazaratu du. "Obra berri honek eta horrek eukiko duen gastuak ez du justifikaziorik, eta ez da benetako beharrizan baten ondorioz", azaldu dute.

AP-8 Peajerik EZ plataformaren idatzia:

AP-8 autobidean, Euba auzoaren parean, sarbide berri bat eraikitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak alegazio publikoak aurkezteko epea hasi du, N-634 pilaketaren trafikoa ordainbidera aldatzeko asmoarekin.

AP-8 Peajerik EZ plataformarentzat, obra berri honek, eta horrek eukiko duen gastua, (seguru milioien sorta on bat gaindituko duela), ez du justifikaziorik, eta ez da benetako beharrizan baten ondorioz; izan ere, Euba inguruan beste irteera-sarrera bat egitea, biztanleria-dentsitate oso txikia denean ez du zentzunik. Tarte horretatik igarotzen diren auto-gidariek, bidesariaren kostu altua ez ordaintzeko erabiltzen dute, eta Usansolora iristea dute helburu, A-8 autobidean sartu eta bertatik zirkulatzeko, ordaindu gabeko gainerako bizkaitarrek bezala.

Obra berri honek, berez zementu eta asfalto gehiegi duen landa-eremu batean inpaktu negatibo berri bat sortzeko baino ez du balioko, km bat baino gutxiagoko zabaleran, eta, paraleloan, 6 erreiko autobide bat dago, errepide bat (N-634 hirugarren mundukua), bi trenbide-sare: Eusko trena eta AHT, eta goi-tentsioko azpiegitura-sare bat, hau dena gutxi izango ez balitz, gure Bizkaiko Foru Aldundiak, gaur egun milaka metrotako landa eta balio ekologiko haundiko lurrak estali nahi ditu.

Bitxia bada ere, espedienteari erantzuteko (beste askotan bezala), udan alegazio-aldia hasten da, halako bidegabekeria aurrean herritarren ezagutza eta eztabaida saihesteko.

Berriro ere, praktikotasunik gabeko proposamen faraoniko honek erakusten duenez, berresten dugu, Unai Rementeria jauna lotuago dagoela eraikitzaileen eta zementu-enpresen interesetara, herrialdeko ekialdean bizi garen bizkaitarren benetako premietara baino, eta adierazi nahi dugu benetako irtenbiderik merkeena eta bidezkoena; Amorebieta-Etxano, Durangaldea, Lea-artibai eta Ermuko igarobidea konpontzeko AP-8 bidesaria kentzea dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!