"Eusko Jaurlaritzak zinema aretoen edukiera jaitsi du zerbait egiten ari dela justifikatzeko, baina ez du zentzurik"

Anboto 2021ko abu. 5a, 14:05

Eusko Jaurlaritzak zinema aretoen edukiera %35era jaitsi zuen orain bi aste. Sektoreak ez du erabakia ulertzen. Emilio Ferreras Zugaza zinemako arduradunak dioenez, munduko zinema areto bakar batean ere ez da agerraldirik jakinarazi. "Arazoa ez dago zinemetan", gaineratu du. 

Edukieraren jaitsierak zein eragin izan du Zugaza zineman?
Areto txikia zarratu dugu neurri berriagaz 30 pertsonako edukiera duelako. Sesioren baten falta egin badigu, beste aretoen gehigarri moduan zabaldu dugu. Beraz, pelikula gutxiago emititzen ari gara. 

Uda zelan doa?
Badakizu uda zelakoa den hemen. Eguraldi onagaz herrian ez da inor gelditzen. Euria egiten duenean ostera, jendea zinemara dator eta aforo honekin batzuk kanpoan gelditzen dira. 

Areto nagusian zenbat jendek ikusi dezake pelikula bat %35eko edukieragaz?
Neurri honekin 78 pertsona sartu daitezke. 

Neurri honen inguruan zein irakurketa egiten duzu?
Munduko zine bakar batean ere ez da agerraldirik jakinarazi. Erabaki honek ez du zentzurik. Sasoi gogorrenetan %50-60ko edukiera izan dugu. Beste erkidegoetan %75eko gehieneko edukiera izan dute, eta ez dira hortik jaitsi. Tabernetan behintzat gehienek terraza daukate. Beraz, neurri hau beteko duten bakarrenetakoak gara. Arazoa ez dago zinemetan. Beste leku batzuetan dago. 

Beste erkidego batzuetan %75eko edukiera daukate. Zuek %35ekoa.
Zuhurtziaz jokatzen ibili gara. Beste erkidegoetan %75eko edukiera izan dute guk %60koa. Gutxiago da, baina ados egon ginen. Azaroan zinemetan jatea debekatu zutenean ere ulertu genuen. Eusko Jaurlaritzak zinema aretoen edukiera jaitsi du zerbait egiten ari dela justifikatzeko, baina ez du zentzurik. 

Uda amaitu aurretik neurri hau aldatzea gertatu daiteke? Sektorea negoziatzen ari da?
Argi dugu erabakia hartu eta oporretan joan direla. Uda osoan hau ez da mugituko. Irailera arte hau horrela izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!