“Arraroa izango da Eibar ez den beste klub batean jokatzea, baina ilusionatuta nago”

Joseba Derteano 2021ko uzt. 28a, 10:00

Eibar utzi beharrak pena eman diola dio, baina erronka berriari aurre egiteko ilusioz dagoela adierazi du Olatz Areitiok (Durango, 1994). 2021/2022 denboraldian Nazional B Mailan arituko da Oiartzun taldeagaz, eta astebete eskas falta da denboraldi-aurrea hasteko.

Arraroa egingo zaizu Eibar ez den beste klub batean jokatzea.
Bai, hainbeste urteren ostean Eibarretik joatea nire etxetik irtetearen modukoa da, eta pena ematen dit. Aurretik izan ditut klubetik irteteko aukerak, baina Eibar nire etxea sentitzen nuen. Erabakia gehiago izan da klubarena nirea baino. Euren planean ez naizela sartzen esan zidaten. 

Urte askoan zeu izan zara Eibarren jokalari berriei harrera egiten ziena, eta orain… 
Egoera hesiaren beste aldetik bizitzea egokituko zait! Niretzat oso sentsazio arraroa izango da Eibar ez den nonbait jokatzea, baina ilusionatuta nago.

Ilusionatuta eta… urduri?
Aspaldian sentitzen ez nuen urduritasun hori sentitzen dut, bai. Sentsazio bereziak dira. Eibarren dena ezagutzen nuen, dena kontrolatuta nuen. Orain, ostera, klub berria, inguru berria… Ez da erraza izango, baina motibatuta nago erronka berriari aurre egiteko.

Eta oraindino sasoi betean, 26 urtegaz. 
Gorputzak aguantatzen duen bitartean eta lanak ahalbidetzen badit,  futbolean urte batzuetan jarraitu dezakedalakoan nago. 

Zelan sortu zaizu Oiartzunen jokatzeko aukera?
Hiru-lau talderen eskaintzak izan ditut. Oiartzunen Iñigo Cela entrenatzailea ezagutzen dut, bera ere Eibar B taldetik doa eta. Nazional B Maila ere gustuko kategoria dut, maila horretan jokatutakoa naiz eta. Azkenean, arlo guztiak baloratuta, aukerarik onena Oiartzunekoa zela pentsatu nuen.

Beraz, Iñigo Cela aurpegi ezaguna duzu. Gainera, ondo ezagutzen zaituen pertsona da.
Bai, ondo ezagutzen nau. Celaz gainera, nigaz ibilitako hiru taldekide joango dira Oiartzunera. Alde horretatik, gustura nago. Aurpegi denak ez dira berriak izango.

Taldekide berriak dagoeneko ezagutzen dituzu? 
Oraingoz batzar bat egin dugu jokalari guztiekin. Batzuk bistaz ezagutzen nituen, euren kontra jokatu izan dudalako. Abuztuaren 2an hasiko dugu denboraldi-aurrea eta orduan hasiko gara elkar hobeto ezagutzen.

Zer esan dizute taldeko arduradunek? Zer itxaroten dute zugandik?
Dakidana erakustea eta taldeari nire esperientziagaz laguntzea, horietxek izango dira nire helburuak.

Erronka berriko beste eskakizun bat Oiartzunera joan-etorriak egitea izango da. Ordubeteko bidea dago. 
Astean hiru-lau bider haraino joateak esfortzu bat eskatzen du, bai. Futbolak asko kentzen dizu, baina baita eman ere, eta jasoko dudana gehiago izatea espero dut. Esperientzia berri bat izango da.

Zer helburu izango ditu Oiartzunek? 
Entrenatzailea aldatu egin da eta fitxaketa dezente dago. Jokalari gazte asko egongo da. Iaz taldea justu samar ibili zen eta aurten gorago ibiltzea da taldearen esperantza.

Tirabira askoren ondoren, emakumeen futbola profesionalizatzeko iazko urte hasieran adosturiko hitzarmena zer iruditzen zaizu? Beheragoko mailetako taldeentzat ere onuragarria da?
Baietz esango nuke. Lehenengo Maila profesionala den moduan, uste dut Bigarren Mailan ere esku hartuko dutela eta egoera apurka hobetzen joango dela. Gura baino astiroago, baina mugimenduak ikusten dira behintzat.

COVIDagaz ere aurrerapausoak ikusten dira, baina kasu honetan ere gura baino astiroago. Kirolari ikuspegitik egoera normalizatu batera bueltatzeko gogotsu zaude?
Bai. Egoera gatxa izan da. Taldean batzea ez zen batere erraza. Entrenatzeko aukera geneukan, baina horixe bakarrik: entrenatu eta etxera. Nahiko hotza zen. Gainera, partidu dezente atzeratu da positibo kasuengaitik. Gabon inguruan, sei aste partidurik jokatu barik eman genituen, oporrengaitik eta positibo kasuengaitik. Itzulera denboraldi-aurre baten modukoan izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!