“Obra gordina da, baina ez dugu kontatzen gertatu ez den ezer; begiratu Samuel Luizen hilketari”

Aritz Maldonado 2021ko uzt. 27a, 10:00

Markel Ganboa (Durango, 1990) antzerkigilea Durangon da egunotan. Oraintsu, 'La Casa' antzezlana aurkeztu du Malagako (Espainia) MaF jaialdian. Udazkenean Madrilen aurkeztea gustatuko litzaioke, eta horren ondoren Durangaldera ekartzea.

Nondik dator 'La casa'-ren ideia?
Konfinamenduan garatu genuen ideia. Lorcaren La casa de Bernarda Albaren inguruko zerbait egin gura genuen, hura oinarri hartuta LGTBI kolektiboko istorio bat kontatu gura genuen. Prozesuan asko ikasi dugu, entseatu, probatu, eta akatsetatik ikasten aritu baikara. Famillia arteko istorio bat da, maitasunezko istorio bat, bere zentzurik zabalenean. Istorioaren ardatza bikote baten hartu-emana da, baina Lorcak egiten zuen moduan, beste istorio batzuk azaleratzen dira gurean ere. Horrela, La casa de Bernarda Alba da bizkarrezurra, baina badu Yerma, Bodas de Sangre eta Doña Rosita la soltera o el lenguaje de las flores lanetatik ere zerbait.

Bitxia da realityak eta Lorca lotzea.
Hasieran, guk ere uste genuen ezinezkoa izango zela, baina, testuingurua kontuan hartuta, ikusi genuen ez dagoela hainbesteko alderik, telebistako saioetan ikusitakoak Lorcaren istorioetan ere gertatzen direla. Horrek gatazka bat sortu zigun: uste bezain ameslaria zen Lorca ala benetan ez dugu gizartean guk gura beste aurrera egin?

Prozesua luzea izan da, azarotik maiatzerakoa. Ez da ohikoena, baina emaitzagaz oso pozik gaude. Gordina da, baina ez dugu kontatzen gertatu ez den ezer. Pil-pilean dauden gaiak dira; begiratu, bestela, Samuel Luizen hilketari. Oraindino gauza asko geratzen zaigu lortzeko.

Orain, zein ibilbide izango du 'La casa'-k?
Gure plana Madrilen eskaintzea da, eta gero bakoitzak bere sorterrian eskaintzea gura genuke. Niri gustatuko litzaidake Lorca Durangaldera ekartzea, gehiago ikustea, baina aitortu behar dut zeozer aldatu beharko dela antzerkira hurbiltzeko.

COVIDak asko baldintzatu zaitu?
Madril Europan gehien kolpatu duen hiriburuetariko bat da. Urte gogorra izan da. Dena dela, harturiko osasun neurriak berrikustea ondo legokeela esatea gura nuke; izan ere, horietariko asko orain urtebete hartu ziren. Sektore bat garen neurrian, beharrezkoa dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!