“Olinpiar Jokoetara argazkilari lez joatea dut amets; erronka bat litzateke”

Anboto 2021ko uzt. 24a, 10:00

Maria Mentxakak (Mungia, 1976) plater-tiroko munduko txapelketa bost urtean irabazi du taldeka Espainiako selekzioagaz, eta hiru bider Europakoa. Bakarka Europako eta munduko azpitxapelduna izatera ere heldu da. Azken urteetan, kirola eta argazkilaritza uztartu ditu. Emakume kirolarien erreferenteak sortzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Durangon bizi den mungiarrak.

Kiroletako argazkilaria zara pasioz. Zelan sortu zitzaizun grina hori?
Kirolak betidanik erakarri nau. Eta argazkigintza ere oso gustuko izan dut. Bada, kiroletako argazkiak ateratzen hasi nintzen, proba egiteko. Oso ondo sentitzen naiz argazkiak ateratzen, kiroletakoak batez ere.

2012ko Londresko Olinpiar Jokoak inflexio-puntu bat izan ziren.
Orduan konturatu nintzen zenbateraino nuen gustuko kiroletako argazkiak ateratzea. Olinpiar Jokoak zuzenean bizitzeko joan ginen Londresera; kirolari izan garenontzat gorena da eta hura guztia argazkietan harrapatzeko grinagaz nengoen. Kirola nire bizitza da, gehien gustatzen zaidana, gehien motibatzen nauena; eta izugarri gustatzen zait argazkigintza. Uztartze horrek derrigorrez etorri behar zuen.

Zer harrapatu gura duzu irudietan?
Kirolak kirolariengan eta ikuslearengan sortzen duen sentimendua. Kirolak beti zerbait eman digu  gustuko dugun guztioi: emaitzak, jakina. Baina balioak eta sentimenduak ere bai. Kirolaria izan naiz eta badakit toki batzuetara heltzea zein gatxa den. Horixe islatu gura dut.

Futbolean eta boleibolean jokatu duzu. Taekwondo egin duzu eta plater-tiroan munduko txapelduna izan zara. Kirolaria zara bokazioz.
Bai. Beti egin dut kirola. Eta sentitu dut orain ere banuela zerbait emateko: emakume kirolariak erakutsi gura nituen.

Emakume kirolari lez zure lana ez dela merezitako moduan erakutsi sentitu duzu?
Bai. Egia da plater-tiroa ez dela futbola, baina uste dut gizona izan banitz gehiago erakutsiko zela.

Bueltatuko zara plater-tirora?
Plater-tiroan dabiltzan lagunak ditut, irakasteko eskatu didatenak, eta horretan nabil. Ez dut teknika galdu, apur bat hobetu egin beharko nuke. Baina ez dut grina hori berriro sortzerik gura. Oso lehiakorra naiz, gainera.

Tabernari ere lan egiten duzu Abadiñon. Kameragaz harrapatzeko moduko momentuak biziko dituzu barraren atzean...
Bai! Tabernari izanda, makina bat liburu idatzi daiteke. Jendeagaz berba eginda asko ikasten da.

Bloga sortu duzu. Argazkilaritzatik bizitzeko aukerarik ikusten duzu?
Gustatzen zaidalako ateratzen ditut argazkiak, baina freelance ere banabil. Gura nuke hori lanbide bakarra izatea. Baina oso gatxa da. Olinpiar Jokoetara argazkilari lez joatea dut amets. Erronka bat litzateke, emakume gutxi daudelako. Gehienak gizonak dira oraindino. Blogean, kirolarien atzean dauden istorioak ere kontatu gura ditut. Horiek ezagututa, balio gehiago emango genioke kirolarien lanari. Kirola ez da entrenamendura mugatzen, eta atzean dagoena ezagutaraztea dut erronka.

Baduzu irudi edo argazki berezik?
Asko. Esaterako, asko hunkitu nintzen nigaz hasitako lagun bat Granadan jokatu zen plater-tiroko munduko txapelketan azpitxapeldun geratu zenean. Olinpiar Jokoetarako txartela lortu zuen. Kirolak asko emozionatzen nau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!