Gaur, uztailak 22, Madalena eguna da eta Durangon, izen bereko auzoan, ekimen batzuk antolatu dituzte ospatzeko. 12:00etan Kriskitin dantza taldearen irteera hasiko da ermitaren parean. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Jaizale txistulari elkarteko kideak irtengo dira Plateruen plazatik eta Madalena auzotik ibiliko dira giroa alaitzen. Ordu berean, 19:00etan, Deabru Beltzak eta Diverti Dantza taldearen ikuskizunekin gozatu ahalko da Platerueneko terrazan. Euria egiten badu, Landako Gunera tokialdatuko dute ekimena.
Azkenik, gaur eta bihar argazki erakusketa bat egongo da ikusgai Madalena ermitaren ondoan. Bertan auzoak urteetan izandako garapena ikusi ahalko da gaurko eta sasoi bateko argazkiak alderatuz. Ermita erakusteko ate irekien saioak ere egingo dituzte goizean nahiz arratsaldean.
Madalenako Auzo Alai elkarteak antolatu ditu ekimenak udalaren laguntzarekin.