Durangoko zergek, tasek eta prezio publikoek gaur egungo kopuruetan jarraituko dute 2022an zehar

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 21a, 21:44

Durangoko udalbatzak 2022ko ordenantza fiskalak onartu ditu gaur. Gobernu taldeak dio "errealitatera doitutako" ordenantza dela. Oposizioa, berriz, abstenitu egin da. Euren emendakinetako batzuk testuan islatuta geratu diren arren, euren esanetan "berretsita" gelditu da iaz emandako igoera.

"Errealitatera doitutako ordenantza fiskalak". Iker Urkiza EH Bilduko zinegotziak berba horiexekin deskribatu ditu gaur arratsaldean Durangoko osoko bilkuran onartu diren ordenantza fiskalak. Labur esanda, honakoa nabarmendu daiteke: Durangoko zergek, tasek eta prezio publikoek dauden bezala jarraituko dute 2022an zehar. Hau da, Ondasun Higiezinen gaineko zergak, Hondakinenak, Ibilgailuenak zein TAO zerbitzuak bere horretan geratuko dira. Bestalde, Urkizak nabarmendu du irizpideak berritu dituztela, herritarrek, zergak, "epe eta modu erosoenean" ordaindu ditzaten. Oposizioko alderdiek 19 emendakin aurkeztu dituzte. 11 aurkeztu ditu PSE-EEk, eta 8 EAJk. Emendakinetako batzuk testuan islatuta geratu dira. Ez, baina, denak.

Oposizioa, abstentzioan

EAJk abstentziora jo du. Josune Escota zinegotziak adierazi du haiek proposatutako emendakin batzuk onartuak izan direnez gero, ordenantza fiskaletan "hobekuntza txikiren bat" lortu duela adierazi du. Baina, hutsuneak ere ikusi dizkio ordenantza berrituari. EAJk dioenez, aukera bat galdu da iaz egindako "zerga igoeran" atzera buelta bat emateko. Alegia, 2020an emandako "igoera" hura berretsita eta "sendotuta" gelditu da jeltzaleen ustez, noiz eta "krisi ekonomikoaren eta sanitarioaren unerik txarrenean". Escotak gogora ekarri du, iaz, higiezinen gaineko zergak "%14" egin zuela gora; komertzioena "%15% hazi zela, eta industria arlokoa "%20" handitu dela. Horrez gainera, jeltzaleek ohar batean adierazi dute iazko igoeraren eraginez "800.000 euro gehiago" sartu zirela Durangoko Udalean, "udalkutxaren inolako arrazoirik barik".

Alderdi sozialistak antzerako jarrera hartu du. Jesica Ruizen esanetan, zergak izozteko erabakia "urtebete berandu" dator. Bere ustez, iaz hartu behar izan zen erabaki hori. Dena dela, sozialistek proposatutako emendakin batzuk begi onez ikusi ditu gobernu taldeak. Adibidez, Durango Kirolak zerbitzuari eragingo dion batek. Ruizek esan duenez, kirol ekintza anitzetan izena emanda dauden familiek hobariak izango dituzte datorren urtean.

Udalkutxa, gako

Herriaren Eskubidea taldeko Jorge Varelak adierazi du ordenantza fiskalek "unibertsaltasuna eta berdinkidetza" dutela oinarri. Bere esanetan, iaz egindako igoerari eskerrak udalak bere finantzaketa propioa "autogestionatzeko" tarte gehiago du, "Udalkutxatik etorriko denaren menpe egon barik". Varelak gogora ekarri du, iaz, aurreikusitakoa baino "hiru milioi" euro gutxiago iritsi zirela Bizkaiko Foru Aldunditik Durangoko Udalera. Horregaitik, iaz Ondasun eta Higiezinen Gaineko zergan eta arlo ekonomikoan aplikatutako igoerak defendatu ditu. "Zerbitzu publikoak eta komertzioak  bermatu gura ditugu. Finantzaketa txikiagoa lortzen badugu, diru gutxiago izango dugu beharrizanik handiena dutenei laguntzeko", argudiatu du Varelak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!