Izarra astronomia elkarte durangarrak sinadura bilketa bat hasi du garai bateko Astronomia zerbitzua berreskuratu dadin eskatzeko. Web orri batean ekin dio sinadurak batzeari. Honako hau da, zehatz esanda, elkartearen eskaria: "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzen diogu deialdia egin dezala, berriro, Durangoko Astronomia Gelarako “Astronomiako laguntzaile” plaza ateratzeko; hezkuntza komunitateak jarrai dezan izaten, gure ustez, hezkuntza-baliabide garrantzitsu eta baliotsua".
Kontua ulertzeko bi urte egin behar da atzera. 2019ra arte, Durangoko Intxaurrondo ikastetxeko kupulan, astronomia gaiak dibulgatzen ziren. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasle ugari bertaratzen ziren, berau zelako Autonomia Erkidego osoan astronomia gaiak lantzen zituen gela bakarra. Gertatzen dena da bertan irakasle lanetan ibilitako Esteban Esteban jubilatu egin zela, eta ordutik hona hutsik dagoela zerbitzua. Durangoko Udalak Hezkuntza Sailari egotzi dio zerbitzuari jarraipenik eman ez izana. Hainbat bider eskatu dio zerbitzua berreskuratzeko. Oraingo honetan, Izarra elkarteak egin du eskaria, sinadura bilketagaz.