Durangoko Udalak oktogonoan ipini gura du Izarra elkartearen egoitza berria

Ekaitz Herrera 2021ko mai. 11a, 21:43

Astronomia gela Geu Be elkarteari eskaintzea gura du udalak.

Pinondo Etxea zarratu behar izateak herriko elkarteen egoitzak birkokatu beharra ekarri zuen, eta Durangoko Udalak mugimendu berriak etor daitezkeela iragarri du. Azken mugimendu hauek Izarra elkarteari eta Geu Beri eragiten die. Kontua honakoa da: Durangoko Udalak eta Izarra elkarteak batzarra egin dute elkartearen egoitza berriari buruz berba egiteko. Udalak oktogonoa eskaini gura dio elkarteari. Zehatz esanda, eraikinaren erdigunean kokatuko litzatekeen gela berri bat. Astronomia gela, berriz, Geu Beri eskaini gura dio. Azken hauek San Faustoko eskoletan hasi zuten ibilbidea. Garai jauregira lekualdatu ziren gero. Eta bertan jarraitzen dute ordutik. Orain, Durangoko Udalak astronomia gela proposatuko dio Geu Beri, egoitza berri gisa.

Izarra elkartea, oktogonora

Oraintsu arte Izarra elkarteak baliatu izan du Astronomia gela, baina udalaren ideia da oktogonoko bi eremu esleitzea: oktogonoko gela bat, eta oktogonoko hall-ean eraikiko litzatekeen gela berri bat. Azken honi buruz, udalak esan du gela berri bat sortuko lukeela eraikineko hall-ean. Gela berri hori metakrilato gardenez osatutako itxitura batekin eraikiko litzateke, eraikinak eskaintzen dituen zutabeak baliatuta. Udaleko eta Izarra elkarteko ordezkariak barikuan joango dira oktogonora, eraikina ikuskatu eta espazio berriak eskaintzen dituen aukerak baloratzera.

Astronomia lantzeko zerbitzua, zintzilik

Astronomia lantzeko zerbitzuarekin zer gertatuko den ez dago argi. Kontua da zerbitzua erreferentziazko gune zientifikoa izan dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasle askorentzat, baina badira bi urte han hezkuntza aktibitaterik eskaintzen ez dela. Bertan irakasle lanak egiten zituen Esteban Esteban jubilatu egin zen, eta Durangoko Udalak dioenez, Hezkuntza Sailak ez dio zerbitzu horri jarraipenik eman, hainbat bider eskatu arren. Gaur jakinarazi dutenez, berriro egingo diote eskaria. Bi aldeek, Durangoko Udalak eta Izarra elkarteak,  Eusko Jauarlaritzari eskatuko diote Astronomia zerbitzua berreskuratzeko. Hezkuntza Sailak eskari hori aintzat hartuko balu, zerbitzu horiek oktogonoan eskainiko lirateke Izarra elkarteak hartuko dituen bi geletako batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!