Durangoko Udalak ekitaldi kulturalak auzoetan egin ahal izateko lanak esleitu ditu. Iazko jaietara bideratzekoak ziren 105.000 euroak inbertituko ditu lanetan. Besteak beste, argindar panelak ipiniko dituzte auzoetan, aurrerantzean ekitaldi kulturalak erdigunetik kanpo ere egin ahal izateko. Guztira, zazpi eremutan ipiniko dituzte panel elektrikoak: Tabiran, Otamotzena parkean, Juan Olazaran kalean, Madalena plazan, Zuhatzola parkean, San Faustoko frontoi ondoan eta Ibaizabal parkean.