Lidia Cañetek Euskadiko arku-tiro txapelketa irabazi du eta Elisabeth Luengo azpitxapeldun geratu da

Joseba Derteano 2021ko uzt. 19a, 11:34
Ezkerrean Elisabeth Luengo eta erdian Lidia Cañete, Trapagarango sari banaketan.

Gaur egun arku kurbatuan dauden arkulari onenak durangarrak dira.

Trapagarango futbol zelaiak Euskadiko arkulari onenak batu zituen zapatuan. Emakumeetan bost tiralarik parte hartu zuten eta Zaldibar Arku Taldeko Lidia Cañete durangarra izan zen onena 604 punturekin. Beste durangar bat azpitxapeldun geratu zen, Etxebarriko Arkulariak taldean dabilen Elisabeth Luengo, hain zuzen ere. Luengok 590 punturekin amaitu zuen txapelketa.

Orain asteburu bi Bizkaiko txapeldun eta txapeldunorde geratu ziren Cañete eta Luengo, hurrenez hurren.

Eguenean eta barikuan master mailako Espainiako txapelketan parte hartuko du Cañetek, Madrilen. 2019an irabazi egin zuen eta aurten helburu berdinarekin doa.

Asteburuan, berriz, bai Cañetek eta bai Luengok, maila absolutuko Espainiako txapelketan parte hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!