“Probak egin ahal izateko errepikatuko nuke, baina telebista kamerarik barik"

Aitziber Basauri 2021ko uzt. 18a, 10:00

Iaz atarian geratu zen. Cynthia Cardenasek, 'Txinti'-k (Durango, 1989), ez zuen 'El Consquistador del Caribe' telebista saioan parte hartzea lortu. Aurten, ostera, eskuratu du Karibera joateko txartela. Dominikar Errepublikako Los Haitises parke nazionalean bizitakoa, esperiantzia lez, "bakarra" dela aitortu du . 

Zelako esperientzia izan da? Itxaroten zenuen modukoa izan da?
Esperientziak zapore gazi-gozoa utzi dit. Orkatilan min hartu nuen Karibera heldu eta hiru egunera, eta ezin izan dut esperientzia nik gurako nuen moduan bizi. Proba asko ezin izan ditut egin eta hori oso frustragarria egin zait. Jokatu gura nuen, baina ezinean ibili naiz. Hala ere, itzela da!

Zerk motibatuta parte hartu duzu 'El Conquistador del Cabire' reality-an?
Muturreko egoeretan nire buruak zelan jokatzen duen jakin gura nuen. Motxilera moduan ibili naiz Txilen, hilabete. Baina gura nuen tokian lo eginda, gura nuena janda... Bada, halako egoeran, halako leku batean, nire burua zelan moldatuko litzatekeen jakin gura nuen: janaririk barik, lo egin ezinik, arroparik barik, dena zikin, usainak...

Lortu duzu zeure burua probatzea?
Bai. Eta oso harro nago egin dudan ibilbideagaz.

Zer ekarri duzu bueltan motxilan?
Bizitza gozatzeko gogoa. Egunero familia baloratuz, lagunak baloratuz... Pentsatutakoa baino askoz ere gogorragoa izan da esperientzia. Gainera, ikusi dut gainelikatuta bizi garela, guztiz! 

Behin etxean, zer egin zaizu gatxena?
Ez dakit zer esan... bueltan etorrita, kritika mordoa jaso dut, eta ez gaude prest hori guzti hori jasotzeko. Hala ere, horri alderik onena atera diot. Izaera edo pertsonalitate indartsua dudala konturatu naiz, eta kritikek ez didate eragin. Ezagutzen nautenen iritziak eta kritika konstruktiboak onartu eta kontuan hartu ditut, eta beste guztia baztertu egin dut. Hori bizitzea egin zait gatxa.

Fisikoki ere egokitu behar izan duzu?
Bai. Berriro jaten hasi, kirol maila berreskuratu, lesioa sendatu... ekainean hasi nintzen berriro nire marketan sartzen. Oso gogorra izan da.

Karibetik bueltan zer izan da egin duzun lehenengo gauza?
Txakurra hartu eta mendira joan!

Irabazle ikusten zenuen zeure burua?
Hasieran, horixe izaten da helburua, finalera heltzea. Baina orkatilan min hartu eta gero, akabo! Egun bat gehiago irautea zen gero helburua, eustea. Nire kondizioetan, nahikoa urrun heldu naizela uste dut. Azkenerako burua ez nuen guztiz han.

Zelan prestatu zara?
'Crossfit'-a egiten dut eta korrika egiten dut mendian. Igeriketa da nire ahulgunea, eta, Madriletik irteterik ez nuenez, igeriku batean jardu nuen praktikatzen, hile eta erdian. 'Yumar' praktikatzen ere ahalegindu nintzen, eskalada eskoletan galdetuz, baina ez nuen lortu.

Bizi izandako momentuetariko bat aukeratzea eskatuz gero...
Dueluan banderatxoa hartu nuenekoa. Momenturik txarrena, orkatila bihurtu nuenean. Guztiz baldintzatu zuen nire abentura.

Errepikatuko zenuke?
Probak egin ahal izateko errepikatuko nuke, baina telebista kamerarik barik.

Zer behar du konkistatzaile batek?
Burua bere lekuan izatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!