Durangoko gobernu taldeak 2022ko tasak, zergak eta prezio publikoak izoztea proposatu du

Anboto 2021ko uzt. 15a, 10:58

Udalak dio susperraldi ekonomikoan zentratu gura duela, eta ez duela herritarren zerga karga handitzerik aurreikusten. Aurreikuspenen arabera, 20220ko Ordenantza Fiskalak uztailaren 21ean onartuko dituzte.

Momentuz ez da behin-betiko erabakia, baina Durangoko gobernu taldeak horixe aurreikusi du: datorren urteari begirako tasak, zergak eta prezio publikoak dauden bezala uztea. Hau da, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Hondakinen gaineko Zerga, Automobilena eta TAOarena dauden kopuruan mantentzea aurreikusi du. Udal gobernu taldeko kideek diote "durangar askoren egoera zaila" ulertuta, zergak izoztea eta "oreka ekonomikoa" bilatzea gura dutela.

Hobarien atala berrikusi dutela, eta horiek indarrean dauden araudira egokitu dituztela ere gaineratu dute. Gai hau datorren osoko bilkuran eztabaidatuko dute zinegotziek, uztailaren 21ean. Baliteke behin betiko erabakia bilkura horretan hartzea.

Negoziazioa oposizioagaz

Udal gobernu taldeko kideek jakinarazi dutenez, EAJk eta PSE-EEk 19 zuzenketa aurkeztu dituzte, eta "neurri horietako batzuk" honezkero Ordenantza Fiskalen zirriborroan txertatu dituzte. "Ikusten dugu oposizioaren proposamen batzuk gure planteamenduan sar daitezkeela, eta, beraz, integratu egin ditugu. Zentzu horretan, Osokoaren azken egunera arte oposizioarekin negoziatzeko prest jarraitzen dugu, Ordenantza Fiskalak ahalik eta osoenak adosteko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!