18 beka eta 95.000 euro, Durangoko kulturgileen eta artisten lanak sustatzeko

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 13a, 12:23

Durangoko Udalak beka sorta bat kaleratu du herriko kulturgileen lan artistikoak diruz laguntzeko. 95.000 euro bideratuko dituzte egitasmora eta 18 kultur proiektu finantzatuko dituzte gehienez. Sorkuntza bekak Erreaktibazio Planaren zati dira. 

Honako izen hau ipini diote beka sortari: Durango, Sortzaileen leku. Eta horixe du bera du helburua: koronabirusak kaltetutako kulturgileen eta artisten proiektuak diruz laguntzea. Ane Abanzabalegi zinegotziaren esanetan, udalak 18 proiektu lagunduko ditu diruz, gehienez, eta gaineratu du "inbertsio honek ondarea" utziko duela Durangon. "Handia da herriko sortzaileen lana babestera bideratutako dirua, guk sortzaileen lanari ematen diogun garrantziaren bestekoa. Ez dugu inor kanpoan uzterik gura", adierazi du Abanzabalegik. Hori dela eta sei arlotako proiektuak finantzatuko dituzte: ezenari lotutako proiektuak, ikus-entzunezkoak, musika, literatura, arte plastikoak zein arte grafikoak, eta Durangoko herriko ondareari edo historiari lotutako kultura proiektua. 

Julián Ríos alkateordeak, bestalde, nabarmendu du bizi dugun krisialdia ez dela osasunari edo ekonomiari lotutakoa bakarrik. Bere esanetan "krisialdi sozial eta kulturala" ere bada honakoa. Horregatik, Ríosek esan du beste sektore batzuk lagundu dituzten bezala, gobernu taldeak "oso argi" duela kultura ere badela lagundu beharreko sektorea. Alkateordeak gogora ekarri du honako sorkuntza beka hauek 2,3 milioi euroko Erreaktibazio Planaren zati direla. Zehazki, 95.000 euro bideratuko dituzte proiektuak finantzatzera. 

San Agustin kulturguneko arduradun Arantza Arrazolak beka eskatu ahal izateko oinarrietako batzuk argitu ditu. Proiekturen bat finantzatzeko eskaria egin gura dutenek bi hilabeteko epea izango dute horretarako. Oinarriak udalaren web orrian edo Herritarren Arretarako Zentroan eskatu beharko dira, eta beharrezko dokumentazioa Arte eta Historia Museoan aurkeztu beharko da proiektuaren azalpenekin, ezaugarriekin eta motibazioarekin lagunduta. Hiru hilabeteren ostean, epaimahai batek erabakiko du zeintzuk diren beka jasoko duten proiektu irabazleak. Hortik aurrera, irabazleek urtebete arteko epea izango dute proiektua garatzeko.

UDALAK DIRUZ LAGUNDUKO DITUEN ARTE ETA KULTURA PROIEKTUAK

Garazi Arrizabalagak, Arte eta Historia Museoko arduradunak beka bakoitzaren ezaugarriak eta kopuruak zeintzuk diren argitu du. Honako hauek dira:

  • Eszenari lotutako bekak (antzerkia, dantza edo zirkua)
    • 5.000 euroko 5 proiektu finantzatuko dituzte. 25.000 euro guztira.
  • Ikus-entzunezkoak
    • Proiektu bakarra finantzatuko da. 15.000 euro bideratuko dituzte horretara.
  • Musika
    • 3 proiektu finantzatuko dituzte, bakoitza 5.000 eurorekin. 15.000 euro guztira.
  • Literatura eta ilustrazioa
    • 3 proiektu finantzatuko dituzte, bakoitza 5.000 eurorekin. 15.000 euro guztira.
  • Arte plastikoak eta arte grafikoak
    • 15.000 euro bideratuko dituzte, gehienez hiru proiektu finantzatzeko.
  • Kultura proiektua
    • 10.000 euroko balioa duen proiektu bakarra finantzatuko dute.

Edozelan ere, Arrizabalagak argitu du, proiekturen batek markatutako kopurua baino finantzazio txikiagoa beharko balu, epaimahaiak aukera izango duela soberakina beste poltsaren batera lekualdatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!