Durangoko Udalak Ezkurdiko frontoiaren estalkia aldatuko du

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 8a, 11:00

Urteetako itogin arazoei konponbidea emateko asmoz, Durangoko Udalak frontoiaren estalkia aldatuko du. Horrez gainera irisgarritasuna eta energia efizientzia hobetzeko lanak egingo ditu.

Frontoia eraberritzeko lanak udazkenean aterako dituzte lizitaziora. Batetik, urte luzez estalkian egondako arazoak konpondu gura dituzte. Itoginak, gehienbat. Eta, bestetik, irisgarritasuna hobetzeko eta energia efizientzia hobetzeko lanak egingo dituzte. Obrak hiru diru partida nagusirekin burutuko dituzte. Guztira 1.271.800 euroko inbertsioa egingo da.

Udalak honako kopuru hauek jakinarazi ditu: 

1) Frontoia eraberritzeko fasea:

  • Estalkia ordezkatzea: 421.705 euro (+BEZ)
  • Frontoira sartzeko obra irisgarria egitea: 235.867 (+BEZ)
  • Kantxan hobekuntzak egitea: 223.903 (+BEZ)

2) Hobekuntza energetikoa: 125.619 (+BEZ)

3) Ordainsariak:

  • Obra zuzendaritzarako: 20.000 (+BEZ)
  • Obra zuzendaritza egikaritzea: 20.000 (+BEZ)
  • Segurtasuna eta osasuna koordinatzea: 4.000 (+BEZ)

Lan horiekin, udalak herriko "ikur garrantzitsu" bat berreskuratu gura du, "hainbeste urtetan erreferentzia" izandako eta "utzikeriagatik hiltzen utzitako" sinboloa. 

 

Ezkurdiko pilotalekua Luis Pueyo arkitektoak eraiki zuen 1952an. Udalak dioenez, ordutik hona "oinarrizko mantentze lanak baino ez dira egin". 2018an udalak egindako txosten batek jaso zuen eraikinak "afekzio" ugari zituela "hezetasunengatik eta itoginengatik". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!