[BIDEOA]: “Arraunketa probatu eta bigarren egunera banekien hauxe zela nire kirola”

Joseba Derteano / Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 9a, 09:30

Mendira baino gehiago, itsasora begira bizi da Ander Sarriugarte (Durango, 2003). Isuntza taldeko arraunlaria da. Aurten, batelen eta trainerillen denboraldiak egin ditu Lekeitioko taldean. Orain, traineruetan dabil Mutrikuko arraunketa taldean, Isuntzak utzita. Bertsolari lez ere jarduten du, oholtza gainean. Makina bat bider galdetu ei diote lehorrekoa izanda zelan heldu zen arraun mundura. Bada, beste behin ere erantzun beharko dio galderari.

Zelan heldu da mendiz inguratuta bizi den durangarra traineruen mundura?
Mundu guztiak egiten dit galdera bera. Telebistan betidanik ikusi izan ditut estropadak, baina hasieran urrun zegoen zerbait lez ikusten nuen. Gerora, probatzeko gogoa sartu zitzaidan. “Honek kirol polita behar du, ba!”, pentsatzen nuen. Gurasoekin komentatu eta Isuntzako zuzendaritzako ezagun batzuengana jo genuen eta aukera eskaini zidaten. Ez nuen fede handirik, probatu egin gura nuen, besterik barik. Baina arraunketa probatu eta bigarren egunera banekien hauxe zela nire kirola. Urte bi joan dira harrezkero.

Aurretik beste kirol batzuk egindakoa zara?
Triatloiak egiten nituen, baina nekatu egin ninduen. Beste zerbait probatu gura nuen.

Arraunketa probatu zenuen lehenengo aldi hartako zer oroitzapen duzu?
Hasiera-hasieran fosoa probatu nuen. Fosoa lehorrean traineru barruko lana simulatzen duen makina bat da, ur eta guzti. Handik aste bira eman nuen itsasorako saltoa, traineruan. Nire muskuluek eta nire buruak gauza desberdinak esaten zituzten. Hasi eta bigarren paladarako abdominalak birrinduta nituen. Baina olatu bat hartzerakoan barruan sentitzen nuena… hasieratik berezia izan zen.

Lehorreko marinel gehiago dituzu inguruan?
Bai. Sasoi batean Durangaldeko emakume bat ibili zen Isuntzako talde nagusian. Lehenago ere aritu dira beste batzuk. Hemen, Mutrikun, Deban bizi den beste durangar bat dabil: Mikel Anasagasti. Ez nekien nongoa zen, baina bere euskalkia ezaguna egiten zitzaidan eta galdetu nionenan jakin nuen.

Zelan joan da denboraldia Isuntzagaz?
Bateletan txarto ez, baina espero baino apur bat txartoago. Neguan asko entrenatu eta gero hobeto ibiltzea espero genuen. Trainerillekin arantza hori kendu genuen. Hasieratik oso ondo ibili ginen: Ligako, Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun. Espainiakoan, ostera, lehen jardunaldian irabazi eta bigarrenean hirugarren. Inoiz ezer irabazi barik eta bat-batean dena irabazten geunden. Ezin genuen sinistu. Entrenamenduetan, arraunkeran, gure entrentzaileak esaten zigun gauzetan… bagenekien ondo ibili gintezkeela, baina, hala ere, sorpresa izan zen.

Gustura geratu zara zuk emandako kirol mailagaz?
Bai, oso gustura. Asko ikasi dut. Baina kirol honetan ez zara konturatzen zure ekarpen pertsonalaz. Hobeto esanda, estropada amaieran konturatzen zara, ingurura begiratu eta taldekideak arnasari buelta eman ezinda ikusten dituzunean eta norbera ere berdin dagoenean. Esan gura dut talde lana dela, dena da denona. Jacinto Salinas entrenatzaileak beti esaten digu arraunean sintoma txarra dela arraunlari bat besteen gainetik destakatzea. Nabarmentzea txarra den kirol gutxi egongo da, eta arraunketa da euretariko bat.

Zelan doa denboraldia Mutrikugaz ARC-ren bigarren mailan?
Orain hiru asteburu hasi ginen. Lehenengo estropadan, San Pedron, seigarren geratu ginen; orain asteburu bi, Elantxoben, bigarren. Eta joan zen asteburuan Mutrikun izan genuen estropada, eta bosgarren sailkatu ginen, hirugarren postutik oso gertu. Sentsazio onekin amaitu genuen estropada. Oraingoz nahikoa pozik gaude egindakoagaz. Banderak hortxe daude, hurbil, igartzen dugu, baina estropadak irabazi ditzaketen talde asko daude. Ahalik eta ondoen ibili gura dugu eta baten bat irabazi ahal bada…

Mutrikuko taldekiderik ezagutzen zenuen aurretik?
Lau jubenil, sei bat senior eta Jacinto entrenatzailea Isuntzatik gatoz. Horiek denak ezagunak dira. Gainerakoak ez nituen ezagutzen, baina denbora gutxian oso hartu-eman ona egin dugu.

Geratzea ez da aukera bat arraunketan, geratuko ez diren beste hamabi taldekide dituzulako alboan

18 urtegaz, mundu honetan nahiko hasiberria zara. Zertan duzu hobetu beharra?
Hazteari utzi diot orain [1,90 metro neurtzen du] eta gorputz apur bat hartzea falta zait. Baina fisikoa lantzea baino gehiago ofizioa ikastea falta zait.

Arraunlari luzea izateak laguntzen du palada luzeagoak ematen?
Arraunlari luzeak beti datoz ondo, traineru erdian batez ere. Egonkortasuna ematen dio taldeari. Baina txikiak eta arinak ere garrantzitsuak dira.

Zein da zure kokalekua traineruan?
Atzeko partean joaten naiz sarritan, kontrapopan. Edo hor eta erdialdean eta istriborrean, eskumako aldean. Ez arrazoi berezi batengaitik. Lehenengo egunean hantxe hasi nintzen eta horrela jarraitzen dut.

Postuak zeresan handia du erantzukizunaren aldetik?
Erantzukizun gehiagorik ez dago. Hori bai, postu bakoitzak bere funtzioa du.

Bat-batean dena irabazten geunden; bagenekien ondo ibili gintezkeela, baina, hala ere, sorpresa izan zen

Eta zeintzuk dira postuen funtzioak?
Popako arraunlariak apur bat erritmoa markatzen du eta taldeari patxada bat ematen dio. Erdikoen funtzioa egurra ematea da eta aurrekoena berdin.

Mundu guztiak ikusten ditu arraunlarien irudiak estropadak amaitzen direnean. Zelan ikasten da sufritzen?
Sufrituz ikasten da sufritzen, ez dago besterik. Beste kirol batean, txarto bazaude, geratu egin zaitezke, baina arraunean hori ez da aukera bat, geratuko ez diren beste hamabi taldekide dituzulako alboan. Zisko eginda egonda ere, jarraitu egin behar duzu.

Eta patroiak erritmoa bizitzeko eskatzen badu eta gehiago eman ezin baduzu?
Patroiak beti eskatzen du gehiago, normala den moduan. “Zu ez zabiltza hor, arraunean!” eta antzerako pentsamenduak etortzen zaizkit, baina, azkenean, beti eman daiteke apur bat gehiago.

Itsaso biziagaz arraun egitea gustatzen zaizu ala gurago duzu itsaso barea?
Isuntzako arraunlariok badugu marinel fama hori. Itsaso eskasagaz lortzen ditugu emaitzarik onenak. Itsaso baretan gusturago joaten da arraunlaria, baina Isuntzan ondo etortzen zaigu itsaso bizia. Baldintza horietan indarra baino inportanteagoa da nabigatzen jakitea, olatuak hartzen eta antzerako kontuak. Askoz ere egoera konplexuagoei egin behar zaie aurre. Baina, normalean, ondo dabilen arraunlaria ondo moldatuko da baldintza denetan.

Elikaduraren aldetik kirol zorrotza da?
Batzuen kasuan bai, pisua erraz irabazten dutelako, baina ez da nire kasua. Niri pisua hartzea kostatzen zait. Beraz, asko jan eta kito.

Iaz, konfinamenduan, zelan moldatu zinen sasoiari eusteko?
Ezetz ematen du, baina gauzak egin daitezke sasoiari eusteko. Ergometro bat eraman nuen etxera eta hari egurra eman nion! Bizikleta estatikoan ere ibili nintzen, eta entrenatzaileak bidalitako beste zenbait ariketa ere egin nuen. Azkenean, moldatzen zara.

Itsasorako itzulera gogorra egin zitzaizun?
Oso gogorra. Traineruan sartu eta bat-batean ahaztuta arraunean zelan egiten zen! Denoi gertatu zitzaigun. Ze arraunketa ez da fisikoa bakarrik, oso teknikoa da. Denok batera aritu behar dugu arraunean.

Mendia guztiz ordezkatu duzu itsasoagaitik?
Ez naiz oso mendizalea. Noizean behin lagunekin joatea gustatzen zait. Baina arraunean nabilenetik denbora gutxiago dut. Deskantsu egunetan gurago dut atseden hartu.

Historikoki talde gipuzkoarrek agindu dute arraunean, baina ematen du azken urteetan joera aldatu egin dela: Kaiku, Urbaibai, Santurtzi… Bizkaiko taldeen loraldi bat bizi dugu?
Arraunketa geroago eta ezagunagoa egiten dabil toki askotan. Gipuzkoan tradizio handia du oraindino, baina beste leku askotan ere indarra hartzen dabil. Loraldia? Tira, dirua ere asko mugitu da Bizkaian, eta horrek lagundu du, ze arraunlariei erreparatuz gero, asko Gipuzkoatik etorritakoak dira. Baina, bai, Bizkaian ere geroago eta gehiago dabiltza arraunean. Begiratu niri, lehorrekoak ere animatzen gara!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!