Durangoko Turismo Plan berriak jasangarritasuna, memoria historikoa eta irisgarritasuna jasoko ditu

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 7a, 10:24

Hasiera fasean dago, abiapuntuan. Baina hile batzuk pasatuta, herria turisten helmuga izatea gura dute. Durangoko udal agintariek Turismo Plan berria diseinatzeari ekin diote. Herrian egiten den lehenengo Turismo Plana izango da eta herriko eragileen ekarpenei eskerrak ikusiko du argia.

Neskutz Rodríguez Elkarrekin Podemos Herriaren Eskubidea koalizioko kideak planaren ezaugarri batzuk aurreratu ditu. "Plana bospasei irizpideren gainean eraiki gura dugu. Ingurumenaren aldetik eta ekonomiaren aldetik jasangarria izatea gura dugu. Horrez gainera, garrantzia eman gura diogu irisgarritasunari. Oztopo arkitektoniko direnak eta ez direnak kontuan hartuko ditugu", dio. Horregaitik guztiagaitik, udal agintariak hoteletako ordezkariekin, tabernariekin, kirol elkarteekin eta Geu Be elkarteko kideekin batuko dira. Azken elkarte honi buruz Rodríguezek azpimarratu du Geu Bek txango ugari egiten duela eta ondo dakiela zer diren oztopo arkitektonikoak. Haien ekarpena berebizikotzat jo du.

Erreferentzialtasuna
Oraindino goizegi da planak zein ekintza turistiko jasoko duen jakiteko, baina Rodríguezek Durangori dagozkion ezaugarriak islatuko dituela jakinarazi du: "Durango erreferentea da kulturan eta euskaran. Horri erreparatuko diogu. Bestalde, inguruan mendi ugari dugu eta txango batzuk diseinatu gura genituzke. Bestetik, bonbardaketarena dago. Guretzat oso inportantea da bonbardaketa turismo planean txertatzea. Hemen ere bonbardaketa faxista bat izan genuelako eta hori ere mapan ipini behar dugulako".

Plana ontzen hasteko lehenengo bilera atzo egin zuten. Hoteletako eta tabernetako ordezkariekin batu ziren. Aurrera begira, inkestak kaleratuko dituzte. Aurreikuspenak betetzen badira, plan berriak abendu aldera ikusiko du argia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!