Matrikula irakurgailuak ipiniko dituzte Durangoko Alde Zaharreko sartu-irtenetarako

Anboto 2021ko uzt. 5a, 14:23

Durangoko Udalak ibilgailuen sartu-irtenetarako sistema berria ipiniko du irailetik aurrera, Durangoko Alde Zaharrean. Horri buruzko xehetasunak emateko bilerara deitu ditu Alde Zaharreko, Sanagustinalde kaleko eta Barandiaran kaleetako bizilagunak. Eguazten honetan egingo dute.

Durangoko Udalak aurreratu duenez, sistema berriak bi berrikuntza nagusi izango ditu. Batetik, matrikula irakurgailua ipiniko du Alde Zaharreko ibilgailuen sartu-irtenetarako. Bestetik, Barandiaran eta Sanagustinalde kaleak oinezkoentzako gune izendatuko ditu asteburuetan eta jaiegunetan. Neurriok irailetik aurrera ipiniko dira martxan, eta hori guztia azaltzeko bilerara deitu dituzte Alde Zaharreko, Barandiaran kaleko eta Sanagustinalde kaleetako bizilagunak. Bilkura eguazten honetan izango da, hilak 7, 18:30etan, San Agustin kulturgunean. "Ezer baino lehen, egingo diren aldaketen berri eman nahi diegu bizilagunei, sor daitezkeen zalantzei zuzenean erantzun ahal izateko. Haiekin komunikazio zuzena mantendu nahi dugu, sistema berrirako trantsizioa hobea izan dadin" azaldu dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.

Udalaren arabera, matrikulak irakurtzeko sistema berriak "urtean 50.000 euro inguru gastatzea saihestuko du". Bestalde, Sanagustinalde eta Barandiaran kaleak asteburuetan zein jaiegunetan libratzeak oinezkoentzako "25.000 metro koadro berreskuratzea" ekarriko duela gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!