Hiru pertsona atxilotu dituzte Durangon etxebizitzetan lapurretak egiten aritzen zen talde bateko kide izatea leporatuta

Anboto 2021ko uzt. 3a, 12:07

Artxiboko irudia.

Atxilotuak 19 urtetik 29 urtera bitarteko hiru emakume dira

Ertzaintzak prentsa oharrean dioenez, atxilotuak Katalunian antzeko ekintzetan inplikatutako auto batean iritsi ziren Durangora. Ertzaintzako ikerketa-zerbitzuetako agenteek joan zen ostegunean hiru emakumeak zihoazen autoaren matrikula egiaztatu ondoren, jakin zuten mossoen "seinalamendu" bat zegoela indarrean autoaren kontra. Ertzaintzak dioenez, auto horrek Katalunian indarra erabiliz egindako lapurreta batzuekin zerikusia zuen.

Ertzaintzak jarraipena egin zien. Durangoko herriguneko lau portaletan sartu zirela ikusi zuten. Oharrean diotenez, azkeneko portaletik irten zirenean, patruilak geldiarazi egin zituen, eta euren gauzen artean etxeetako ateak irekitzeko erabili ohi diren tresnak eta objektuak aurkitu zizkieten, “besteak beste, irristatze-metodoaren bidez ateak irekitzeko manipulatutako plastikozko laminak eta metalezko hagatxoak”.  

Portal horietara sartzeko arrazoirik eta bestelako azalpenik ematen jakin ez zutela gaineratu zuen Ertzaintzak. Ondorioz, hiru emakumeak talde kriminaleko kide izatea eta etxeetan lapurreta egiten saiatzea leporatuta atxilotu zituzten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!