Durango Nissan Gaursako gizonak azpitxapeldun geratu dira ligan, eta emakumeetan oinarriak lantzen jarraitzen dute

Joseba Derteano 2021ko uzt. 3a, 11:50

Amaitu da aurtengo denboraldia Durango Rugby Taldearentzat. Gizonen talde nagusia izan da amaitzen azkena. Joan zen asteburuan, Euskal Ligako azken jardunaldian, ligako lehenengo sailkatu biek neurtu zituzten indarrak: Sarako Rugby Taldea liderrak eta Durango Nissan Gaursak. 

Durangarrek garaipena behar zuten liga irabazteko, baina, azkenean, Sara gehiago izan zen eta eurek eskuratu zuten garaikurra. "Liga irabazteko borrokan egon izana oso positiboa da. Are gehiago, kopuru aldetik taldean jokalaririk sobera izan ez dugula kontuan hartuta", baloratu du Aratz Gallastegi klubeko kirol zuzendariak.

Berez, joan zen asteburuko partiduak ligako azken-aurrekoa izan behar zuen, baina Sarako jokalari baten konfinamenduaren ondorioz partidua atzeratu egin zen. "Aurtengo ligan gorebehera asko egon dira COVIDaren kontuagaz", onartu du Gallastegik. Lau partidu atzeratu behar izan dituzte arrazoi horrengaitik.

Emakumeen Nissan Gaursa talde nagusia ere oporretan da. Ezaugarri nagusi gaztetasuna duen taldean, denboraldian zehar erakutsitako "progresioa" azpimarratu du Gallastegik: "Jokalari gutxigaz hasi zuten denboraldia eta dezente gehiagogaz amaitu dute. Oraingo taldeari eustea espero dugu, etorkizunera begirako oinarriak lantzen joateko". Promesa gazteen adibide bi Elene eta Izaro Rementeria ahizpak dira. Orain dela aste bi, 18 urtez azpiko Euskadiko selekzioagaz aritu ziren Asturiasen jokatu zen errugbi 7ko txapelketa batean.

Gazteen taldeak
Pandemiak kirol jarduerak eten beharra ekarri du denboraldiko sasoi batzuetan. Alde horretatik, klubarentzat "garrantzitsua" izan da formakuntza taldeak eta eskola berriro martxan ipintzea. "Egoera ikusita, etxean geratzea zen posturarik errazena, baina gazte askorentzat asteko ekintza fisiko bakarrenetarikoa zela kontuan hartuta, errugbia berriro eskaintzeko apustua egin genuen. Gazteei kirol eskaintza berriro eman ahal izatea izan da guretzat denboraldiko gauzarik pozgarriena", adierazi du Gallastegik. DRTren formakuntza egituran, 16 eta 18 urtez azpiko taldeak eta errugbi eskola sartzen dira. Errugbi eskola martxan ipintzea bereziki konplikatua izan da, jarraitu beharreko segurtasun neurri guztiengaitik (talde txikietan burbuiletan banatu beharra eta abar), baina ahaleginak "merezi" izan duela eta familiek "eskertu" duten zerbait dela uste du Gallastegik.

Egoitza berria
Klubeko egitura sendotzeko bidean, aurrerapauso garrantzitsua eman dute aurten Goienkalen egoitza berria atondu eta zabalduta. Batzarrak egiteko eta eguneroko jarduerarako estrategikotzat jo duten mugimendua da.

Azpiegitura berritua DRTren jabetzakoa da eta honako gune hauek ditu: biltegia, batzar gela, erabilera anitzeko gela, komuna, garbitegia…

Herriko gainerako elkarteei ere atea zabaldu diete euren batzarrak egiteko, eta, klubeko kideen esanetan, dagoeneko elkarte batek baino gehiagok eman dio erabilera azpiegitura berriari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!