Mankomunitateak Elkartegira eramango ditu Adinekoak, Zaindu, Behargintza eta Euskara zerbitzuak bihartik aurrera

Anboto 2021ko eka. 28a, 11:30
Landako Elkartegia.

Zerbitzuak zentralizatzea da helburua.

Durangaldeko Mankomunitateak Durangoko Elkartegian zentralizatuko ditu zerbitzuak bihartik aurrera, hauek lekualdatuz:  Adinekoak eta Zaindu, Durangaldeko Behargintza eta Euskara. Uztailaren 5ean idazkaritza nagusia ere lekuz aldatuko da.

Azpiegiturak sozietate publikoarekin akordioa lortu dute Durangoko Elkartegian bost modulu errentan hartzeko –erosteko aukerarekin–, eta horri esker, zerbitzu horiek Adikzioen Prebentzioarekin bat egingo dute, zerbitzu hori bertan zegoelako azarotik.

"Erdigunean eta garraio publikotik hurbilago dagoen egoitza berriak Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuen irisgarritasuna hobetzea ekarriko du. Gainera, zerbitzu horiek zentralizatzeko aukera ematen du, haien artean sinergiak sortzeko, kostuak arrazionalizatzeko eta euren lana egiteko baldintza hobeak lortzeko", adierazi dute Mankomunitatetik ohar batean.

Durangaldeko Mankomunitateak, aldi berean, Elkartegiko eraikinak dituen eta zerbitzu horiei dagozkien jarduerak gauzatzeko egokiak diren instalazio komunak erabiliko ditu. Jarduera horien artean ikastaroak eta prestakuntza-tailerrak, jardunaldiak… daude.

Hauxe izango da Mankomunitatearen zerbitzuen kokapena Elkartegian:

- 101.moduloa: Idazkaritza Nagusia (uztailaren 5ean egingo den lekualdatzearen zain)
- 202. moduloa: Adikzioen prebentzioa.
- 203. moduloa: Adinekoak, Zaindu eta Euskara.
- 204. moduloa: Behargintza-Prestakuntza.
- 205. moduloa: Behargintza-Administrazioa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!