Euskal kultura eta ondarearentzako proiektu erakargarri bat lantzen hasi da Durangoko Udala

Anboto 2021ko eka. 25a, 19:44

Garai jauregia izango litzateke proiektu horren egoitza, eta berau eraberritzeko asmoa erakunde publikoei aurkeztuko die udalak.

Euskal kultura zein ondarearen elkargune bihurtzeko proiektu estrategiko batean lanean dago egun Durangoko Udala, ohar batena iragarru duenez. Horretarako, erakunde publiko eta eragile ezberdinekin harremanetan jarri da berorri babesa eskaini asmoz. Proiektu horren kokalekua Garai jauregia izango litzateke.

“Durangok garrantzia berezia du euskal kulturgintzan. Durangoko Azoka horren lekuko adierazgarria da zalantzarik gabe, baina, horrez gain, Durangok baditu hainbat gako eta aukera euskararen arloan Euskal Herria osoari aurrerapauso sendoak eskaintzeko. Horretarako, erakunde eta eragile ezberdinengana joko dugu aliantza eta kolaborazio eske”, adierazi dute Ane Abanzabalegi eta Neskutz Rodriguez zinegotziek.

Garai jauregia izango litzateke proiektu horren egoitza, eta berau eraberritzeko asmoa erakunde publikoei aurkeztu die Udalak: “Eraikin huts bat euskal kulturaz eta ondareaz betetzeko proiektu sendo bat lantzen hasi gara, Durangori erreferentzialtasuna eskainiko diona. Horretarako, beharrezkoa izango da administrazio publikoen arteko lana”, adierazi dute.

Horrez gain, Udalak bilera bat izan du azken asteetan Eusko Jaurlaritzarekin, herriko zenbait eraikin hutsen eraberritzea elkarlanean egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!