Durangoko jaiak prestatzeari ekin diote, egitarau alternatibo bat sortzeko

Anboto 2021ko eka. 24a, 15:00

Durangoko Udala, Jai Batzordea eta Txosna Batzordea jai alternatibo batzuk antolatu ahal izateko bilerak egiten hasi dira. Ekitaldiak antolatu gura dituzte, baina horretarako irailera arte itxarongo dute, bilakaera epidemiologikoa zelakoa den ikusteko.

Egitarau alternatibo horrek Kultur Aro programa izango du oinarri modura, baina udal agintariek azaldu dute, ekarpenak gaineratuko dituztela bertan. "Kontzertuak, kale antzerkia, dantzak eta auzoetan jarduerak egotea gura dugu. Baina, horretarako, irailaren hasierara arte itxarongo dugu uda nola garatu den ikusteko eta egoera epidemiologikoa aztertzeko", azaldu dute Juanan Bueno eta Mikel Uriguena zinegotziek.

Udalak pandemia baino lehenagoko ekitaldiak berreskuratu gura ditu, eta horretarako elkarte guztiekin batzen hasiko da datozen asteetan. "Guztiok dugu normaltasuna berreskuratzeko gogoa, baina ez dugu ahaztu behar sufritu dugun guztia eta honaino ekarri gaituena", esan dute zinegotziek. "Ilusiotik" eta,"erantzukizun kolektibotik" lan egiten jarraituko dutela esan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!