Durangoko Alde Zaharreko etxeetan zuntz optikoa jartzeko "erraztasunak" eskatu dizkiote udalari

Joseba Derteano 2021ko eka. 18a, 14:02

Durangoko Alde Zaharra elkarteak egin du eskaria.

Durangoko Alde Zaharreko presidentea den Jose Maria Arrillagak prentsaurrekoa eskaini du gaur, Alde Zaharreko "familia askori eta komertzioei" eragiten dien arazo baten berri emateko. Bizilekuetan zuntz optikoa jartzeko eskaera egiten dutenean edo telefono konpainiaz aldatu gura dutenean "zailtasunak eta trabak" aurkitzen ari dira.

Kontua da Alde Zaharreko eraikinak legedia zorrotzago batek babesten dituela, duten balio historikoagatik; esaterako, kable-sarea ezin daiteke fatxadetatik joan eta erregistro kaxak ere ezin daitezke edonon jarri;  horrela, herritarrak telefono konpainiekin hartuemanetan jarri direnetan, hauek "udaleko baimena eskatzen digute". Arrillagaren ustez telefono konpainien eta udalaren artean "akordio" batek egon behar luke egoera bideratzeko eta udalari eskaera bat luzatu dio: "Ez daitezela araudia aplikatzera mugatu; horrez gainera bizilagun eta komertzioen egoera hobetzeko zentzu politikoa erabiltzea eskatzen diegu".

Durangoko bulego teknikotik jaso duten irtenbidea honako hau da: instalazioak egiteko karkabak erabiltzea. Baina Arrillagaren esanetan, etxebizitzak batzuek ez dute karkabetarako sarrerarik eta horrek zailtasunak eragiten ditu. Horregatik irtenbide hau ez zaio egokia iruditzen.

Durangoko beste auzo batzuekin alderatuz "diskriminatuta" sentitzen direnez, udalean eskaera bi egin dituzte ofizialki. Batetik, zuntz optikoa jartzeko "erraztasunak" eskatu dituzte. Bestetik arazoa konpontzeko proposamen bat egin dute: "Komunitate bakoitzean gaur egun existitzen diren kaxarik gertukoenak erabiltzea eta kable-sarea fatxadatik eramatea. Gaur egun dagoen kable-sarea aprobetxatuz dagoen irtenbiderik errazena da".

Durangoko Alde Zaharreko Jose Maria Arrillaga eta Asun Canales gaurko prentsaurrekoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!