“Ume askok ez dute inguru euskaldunik etxean, eta udalekuetako jolas eremuan euskaraz jarraitzeko aukera dute”

Jone Guenetxea 2021ko eka. 18a, 15:00

Ikasturte nahasi honen ostean, ume eta gazteek topera gozatzeko uda dute aurretik. Udalekuetan eskaintza zabala dute Durangaldean. Berbaro euskara elkarteak urteak daramatza udako aisialdia euskaraz eskaintzen.

Zein udalekutan arituko zarete begirale?
Ane Rafols: Aurten, iaz legez, udaleku irekietan arituko naiz. Astelehenetik barikura izaten dira, goizetan. Eguenetan irteera egingo dugu eta horietan arratsaldean bueltatuko gara.
Leire Rodriguez: Ni Albeizera joango naiz, Arabara. Joan zen astean begirale guztiok aterpea ikustera joan ginen eta asko gustatu zitzaigun denoi. Herri txikia da, baina oso polita. 24 ume eta 4-5 begirale joango gara. LH 3. eta 4. mailakoak dira. Hamar egunerako joango gara. Egun guztiak antolatuta ditugu.

Iaztik aurtengo ediziora aldea egon da?
A.R.:
Iaz begirale bi egon ginen eta 16 bat ume, talde bitan banatuta. Aurten hiru talde izango dira, 5 edo 6 begiralegaz. Txikiak 3tik 5 urtera bitartekoak dira, eta nagusiak 6tik 10 urtera artekoak. Astelehenean hasiko gara eta bost aste izango ditugu aurretik. Prest dugu dena.

Begirale izan aurretik, umetan udalekuetara joaten zineten? Zein oroitzapen dituzue?
A.R.
: Txikitan udaleku itxiren batera joan nintzen, eta gero ibiltarira ere bai. Urte osoa zain egoten nintzen udalekuetara joateko.
L.R.: Txiki-Txoko udaleku itxietan hasi nintzen eta 18 urte izan arte beste udalekuetara ere joan nintzen. Gero, praktiketan joan nintzen, eta hortik aurrera begirale.

Udalekuek zer eskaini dizuete?
L.R.
: Asko ikasten dela uste dut. Zu zein mugaraino heldu zaitezkeen, adibidez. Udaleku itxiak 10 egunekoak dira, baina oso intentsoak dira eta oso hartu-eman estua sortzen da. Udaleku itxietara doazenek 8-9 urte dituzte. Polita da gero urtean zehar kalean ikusi eta elkar agurtzea. Begiraleen arteko hartu-emana ere polita da.
A.R.: Udaleku irekietan apur bat ezberdina da, baina hor ere asko ikasten da. Oso adin tarte ezberdinak dira. Oso esperientzia polita da.

Aisialdia eta euskara uztartzea garrantzitsua da.
A.R.:
Euskara aisialdian presente egotea garrantzitsua da. Ume askok ez dute inguru euskaldunik etxean, eta udalekuetan jolas eremu batean euskaraz jarraitzeko aukera dute. Gainera, ikastetxe askotako umeak joaten direnez, hartu-emana zabaldu egiten da. Hartu-eman bat euskaraz hasten baduzu, horrela jarraitu dezakezu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!