“Erromerien bilakaera gidoi baten bitartez azalduko dugu, abestiak eta istorioak tartekatuta”

Anboto 2021ko eka. 19a, 10:00

Luhartz taldea oholtzara bueltatuko da, ekainaren 20an. Oraingoan formatu desberdin batean. Domekan ekingo diote aro berriari, Landako Gunean. Antzinako berbenetatik oraingo erromeriarako istorioa plazaratuko dute, ikuspuntu xume batetik. 18:00etan izango da. ANBOTOk Rafa Iriondogaz berba egin du.

Luhartz ikuskizun berri bategaz bueltatuko da plazetara. Zer topatuko dute kontzertura doazenek?
Orain 40 urteko berbenetatik gaur egungo erromerietara egon den bilakaera kontatuko dugu. Nik ezaguturiko erromeria horiek gure ikuspuntutik azalduko ditugu. Erromerien bilakaera gidoi baten bitartez azalduko dugu, abestiak eta istorioak tartekatuta.

Luhartzek bizi izan dituen hiru etapak kontatuko ditugu ikuskizunean zehar, eta Euskal Herriko hainbat talderen inguruan ere berba egingo dugu. Gainera, talde horietariko zenbait gonbidatu berezi ere izango ditugu.

Guretzat ohore bat da horiek gure proposamenari baietz esatea eta ikuskizunaren parte izatea.

Zelan bururatu zitzaizuen horrelako zerbait egitea?
Orain hiruzpalau urte, Kultura eta Transmisio tailerrak eman genituen Azokan, urte bitan. Hamabi bat abesti prestatu genituen tailer hauetarako, eta abesti bakoitzak bere istorioa zuen. Antolatzaileak pozik geratu ziren tailerrekin, eta baita bertaratu zirenak ere. Baina hortxe geratu zen dena.

Baina iaz, pandemiagaz, dena hankaz gora ipintzen hasi zen. Gure kasuan, lotuta genituen kontzertu asko bertan behera geratu ziren. Baina antolatzaile batzuek aurrera egingo zutela esan ziguten. Orduan, zer egingo genuen galdetu genion geure buruari, eta errepertorioa apur bat aldatzea erabaki genuen. Azken finean, jendea gugaz dantza egitera dago ohituta, eta ikusten genuen jesarrita egon beharko zutela kontzertuetan. Beraz, dantzan egitekoak diren abestiak kendu, gainerakoak jo, eta tartean pare bat anekdota sartu genituen. Hainbat kontzertu eman genuen formatu horretan, eta Durangon saio berezi bat ere egin genuen. Alex Sardui laguna dugu eta gugaz parte hartzera gonbidatu genuen. Baietz esan zigun eta oso polita izan zen. Jendeak oso pozik irten zuen kontzertutik. Baita guk ere. Beraz, hori oinarritzat hartuta zerbait egitea pentsatu genuen.

Zelako uda aurreikusten duzue?
Printzipioz, itxura ona du. Hainbat tokitatik deitu digute eta pozik gaude.

Bigarren uda izango da betiko formatuko erromeriarik barik. Zelan zaudete?
Taldea gogotsu dago, edozer egiteko prest. Gauza bat da nik jarraitu gura izatea, baina beste bat taldekideek esatea: "lasai, Rafa, zuk gura duzuna egingo dugu. Edozertarako prest gaude".

Luhartz osatzen dugunon asmoa plazetan jarraitzea da, jendeari entzunda eta guri gustatzen zaiguna eginda. Hortxe egon da orain arteko gure arrakastaren gakoa, eta horrela jarraituko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!