“Tabirakori diogun estimuak batu gaitu”

Joseba Derteano 2021ko eka. 19a, 12:00

Hilario Perez Meñica eta Alicia Gomez Legorburu buru dituen plataformak Tabirako saskibaloi klubaren gidaritza hartuko du ekainaren 30ean, batzar orokorrak hala onartzen badu. Klubak presidente bi izango ditu, beraz. Hasieran, euren helburua ez zen zuzendaritzara sartzea, baina behin barruan dena emateko prest daudela diote.

Zelan batu zineten plataformara?
Hilario Perez: Azkenaldian ez dut lotura zuzenik izan klubagaz, baina banekien egoera zein zen: ez zela hautagaitzarik aurkeztu eta zailtasunak zeudela erreleboa topatzeko. Klubak batzar batzuk antolatu zituen egoera zein zen azaltzeko, eta euretan egon nintzen. Gero, ziurgabetasun egoera horretan nire izenak irten zuen antza, proiektua lideratu zezakeen pertsona posible lez, eta hori proposatzeko deitu zidaten klubetik.
Alicia Gomez: Nire alabek klubean jokatu dute, eta gazteena oraindino ere badabil. Klubeko balioak eta lan egiteko modua beti gustatu izan zaizkit eta ordezkoak topatzeko zailtasunak zeudela jakitean, deitutako batzarretara joan nintzen, esateko zutena entzutera. Eta, tira, azkenean plataformako kide bat gehiago izaten amaitu dut. Azkenean, klubetik urteetan jaso dudana bueltatzeko modu bat da.

Zuen bizitzako zein puntutan hartu zaituzte plataformara batu eta presidente izateko proposamenak?
A.G.:
Hasieran ez nuen plataforma batean edo zuzendaritzan egoteko helbururik. Ahal nuen neurrian laguntzea zen nire helburua. Baina behin barruan sartuta, ahal dudana ematen ahaleginduko naiz.
H.P.: Nire bizitzako une honetan hainbat konpromiso dut. Deustuko unibertsitatean ikasketak egiten nabil eta Durangoko Jaizale txistulari elkarteko presidenteordea naiz. Horrez gainera, besteak beste, JAED elkarteari laguntzen diot batzuetan, eta maratoiak egiten ere banabil. Testuinguru horretan, denbora ateratzea konplikatua da. Egoera aztertu eta Tabirako gidatzeko egokia iruditzen zitzaidan eredu baten zirriborroa idatzi nuen. Landako Kiroldegian deituriko batzar batean nire ideia hori azaldu zen. Batzar horren helburua argia zen: ezin zela batzar hori amaitu plataforma berririk barik. Nire proposamenak harrera ona izan zuen eta ordubete baino lehenago zuzendaritza baterako plataforma bidean zegoen. Gerora batzarrak egin ditugu, elkar hobeto ezagutzeko eta karguak erabakitzeko.

Zeintzuk dira aipatu duzuen eredu horren goiburuak?
H.P.: Zuzendaritza zabala da. Sail bakoitzean arduradun bat baino gehiago egongo da eta elkarlana eta dibertsifikazioa bilatuko ditugu. Gidalerro orokor batzuen barruan, sail bakoitzak autonomiagaz lan egitea ere gura dugu. Honen guztiaren helburua da lanean gozatzen ahalegintzea, lan horregaz gogaituta ez amaitzea. Eta filosofia horren barruan sartzen da klubak presidente bi izatea ere.
A.G.: Nire ustez, sail bakoitzean lagun bat baino gehiago egoteak lagundu egingo du kudeaketan. Ez da ahaztu behar azkenean boluntario talde bat garela. Ikusi egin behar zelan irteten duen. Nire lehenengo esperientzia izango da kirol arloko zuzendaritza batean.
H.P.: Ekainaren 30eko batzarrak bere oniritzia ematen badio, horrela funtzionatuko dugu.

Zer iritzi duzue zuzendaritza berriko kideei buruz?
H.P.: Oso talde konpetentea eta arduratsua da, bakoitza bere arloan jantzia. Batzuek lotura bat dute klubagaz, eta beste batzuek iraganean izan dute. Batera zein bestera, Tabirako estimatzen dugu eta horrek elkartu gaitu. Batzuk aurretik ezagutzen nituen eta beste batzuk ez. Esaterako, Alicia ez nuen aurretik ezagutzen eta, egia esanda, oso hartu-eman ona dugu.
A.G.: Bai, egia da, hartu-eman ona dugu. Pertsona aktiboa da eta kluba barrutik ezagutzen du. Lan bikaina egingo duela uste dut. Plataformako batzuk aurretik ezagutzen nituen eta beste batzuk ez. Oraindino batzar gutxi egin dugu, baina sentsazioak onak dira. Apurka-apurka hartu-emana estutzen joango gara. Hilariok dioen moduan, Tabirakori diogun estimuak batu gaitu.

Joango direnekin batzar bat baino gehiago izan duzue. Zelan joan dira?
H.P.: Oso emankorrak izan dira. Orain arte presidente izan den Ina Mendiberi eta bere zuzendaritzari egin duten lan guztia errekonozitu gura diet. Ohiko kontuez gainera, pandemia egoera kudeatzea egokitu zaie. Erabakiak hartzea oso gatxa den sasoia izan da. Eta hartu dituzten erabakiak hartu zitzaketen onenak izan dira. Besarkada bana bidaltzen diet denei.

Zer helburu duzue hurrengo denboraldira begira?
H.P.: Eguneroko ohiko lanez gainera, erronka berri batzuk ere etorriko dira. 2021-2022 denboraldian, 50 urte beteko dira Cafés Baqué enpresagaz hartu-emana dugula. Baqué familiak urte hauetan guztietan eman diguna bueltatzeko, gogor lan egitea egokituko zaigu. Gainera, nire ustez, Baqueren ekarpena ez da saskibaloira bakarrik mugatzen, herriko arlo askotara baino. Sinergia horiek lantzen ahaleginduko gara beste elkarteekin, eta ea zelan irteten duen.

Erronka asko dira. Pilak kargatuta dituzue?
H.P.:
Bai, jakina. Orain aste batzuk honako galdera hauek egin nizkion neure buruari: Tabirakoren presidente izan gura duzu? Ez. Tabirako desagertzea gura duzu? Ez. Orduan, aurrera egitea erabaki nuen eta orain prest nago klubaren alde lan egiteko.
A.G.: Nik ilusioz aurre egiten diot etapa berri honi. Klub historiko honek merezi duena emateko prest gaude, ni zein plataformako guztiok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!