Dastaketa saioak eta ekoizleen bisitak, Durangoko baserritarren plaza biziberritzeko

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 17a, 19:00

Udalak eta baserritarrek hainbat ekintza antolatu dute zapatuetako merkatua bultzatzeko: besteak beste, tokiko produktuekin egindako dastaketa saioak (gazpatxoa, piperrak, salda edo barazki krema), eta ekoizleen lana (eztia, kontserbak edo jogurtak) ezagutzera emateko egunak.

Durangoko Udalak eta Baserritarren Plazan parte hartzen duten ekoizleek 'Durangon, Ortutik Plazara' egitasmoa aurkeztu dute gaur. Egitarau bat prestatu dute zapatuetako merkatuari bultzadatxo bat eman eta herritarrak bertara erakartzeko. Honako hauek dira aurkeztu dituzten ekintzak: Ekoizleen Eguna, Produktuen Eguna eta baserriko elikagaiekin osatutako otzaren zozketa.

Ekoizle gonbidatuak, produktuen dastaketak

Ekoizleen egunetan, Durangaldeko hainbat baserritar gonbidatuko dituzte merkatura. Zehatz esanda, jogurta, eztia, kontserbak eta berdurak ekoizten dituzten eskualdeko ekoizleak.  Produktuen Egunetan, berriz, bertako produktuekin ekoiztutako dastaketa saioak eskainiko dituzte. Iker Urkiza zinegotziak dastaketa horien mekanika azaldu du: "Merkatu plazan erosketaren bat egiten duten herritarrek txartel bat jasoko dute, eta txartel hori dastaketa batengatik trukatu ahalko dute irteeran". Hain zuzen ere, Saltsan katering enpresa arduratuko da tokiko produktuekin sortutako dastaketak prestatzeaz. Honako jaki hauek probatu ahalko dira: gazpatxoa, salmorejoa, Gernikako piperrak, piperminak, salda eta barazki krema.

Horrez gainera, uztailetik aurrera dekorazio berri bat izango dute postuek. Amantal eta oihal mota bi ipiniko dituzte saltzaileek. Berdea, modu ekologikoan ekoizten dutenek; morea, gainerakoek.

"Taupada" bueltatu dadin

Ima Garrasatxu alkateak eta Jorge Varela zinegotziak esan dutenez, ekintza horiek guztiek "tokian tokiko elikagaien kontsumoa eta Baserritarren Plaza bultzatzea dute helburu". Aurrera begira bai Baserritarren Plaza eta bai Horniduren Merkatua bultzatzeko bestelako ekintzak etorriko direla aurreratu dute. "Durangoko eraikin, historiko eta betikoa, herritarrei bueltatzeko ordua" dela esan du Varelak. Garrastatxuk azpimarratu du "oso garrantzitsua" dela "Durangoko bihotza den merkatuaren taupada" berriro ere sentitzea.

EGITARAUA (Uztailetik abendura)

PRODUKTUEN EGUNA, dastaketen eguna

  • Uztailaren 3an, gazpatxoa eta salmorejoa dastatzeko aukera egongo da.
  • Irailaren 4an, piperminak eta Gernikako piperrak probatzeko aukera egongo da.
  • Abenduaren 18an, salda edo barazki krema eskuratu ahalko da.

EKOIZLEEN EGUNA, gonbidatutako baserritarren eguna

  • Uztailaren 10ean, kontserbak egiten dituen eskualdeko ekoizle bat hurbilduko da plazara, bere lana aurkeztera.
  • Irailaren 18an, barazkiak ekoizten dituen baserritar bat izango da gonbidatua.
  • Azaroaren 13, Durangaldeko jogurt ekoizle bat bertaratuko da.
  • Abenduaren 4an, eztigile bat hurbilduko da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!