"Honako konstatazio hau egin dugu: gaur egungo hezkuntza sistema agortuta dago"

Anboto 2021ko eka. 17a, 11:00

Olatz Egiguren Enbeitak (Bilbo, 1968) Euskal Herriko hezkuntza sistema birplanteatzeko arrazoiak daudela dio. Gaiari buruzko diagnosia jaso du '(H)arian' dokumentuan. Txostenak Plaza Hutsa mugimenduaren eskutik ikusi du argia. Egigurenek horren lanketan parte hartu du, beste hainbat kidegaz batera. Atzo aurkeztu zuten dokumentua, Durangoko udal euskaltegian.

Nondik sortzen da azterketa hau egiteko beharrizana?
Ezkerreko mugimendu independentistan hezkuntzari loturiko kezka nagusi bat sortu zen orain urte bi. Ikusten genuen gure herrian dauden hezkuntza sistemek sabaia jo dutela. Zaharkituriko ereduak darabiltzagu eta ez dira gizarteak dakartzan beharrizan berriei erantzuteko gai. Horrek gogoeta egitera eraman gaitu.

Eredu batzuk zaharkituta daudela diozu. Zeintzuk dira?
Gurean hiru hezkuntza sistema daudenez, diagnosia egiteko Ipar Euskal Herritik, Nafarroako Foru Erkidegotik eta Euskal Autonomia Erkidegotik abiatu gara. Hiru komunitate horietariko ezaugarriak askotariko ardatzetan aztertu ditugu. Adibidez, eremu bakoitzean pedagogiari, hizkuntzari, umeei eta trantsizio ekologikoari ematen zaien trataera aztertuta. Ardatz horiek guztiak kontuan hartuta, honako konstatazio hau egin dugu: egungo hezkuntza sistema agortuta dago. XIX. mendeko metodologiekin eta pedagogiagaz gabiltza lanean. Horrek ez du esan gura berrikuntzarik martxan ez dagoenik, lanketa interesgarririk ez dagoenik. Badaude halakoak. Hezkuntza komunitatea oso saiatua da. Baina, orokorrean, burujabea ez den nazio bat garenez, gure hezkuntza sistema erabakiak hartu ezinik dabilela ikusi dugu. Bestalde, klase ikuspegi batetik ere aztertu dugu auzia. Ikusi duguna da egungo hezkuntza sistemak liberalismoa elikatzen duela, horretarako diseinatuta dagoela. Eta, ostera, ez dagoela herritarren beharrizanei erantzuteko diseinurik. Genero ikuspegiari dagokionez, beste horrenbeste. Sistema patriarkatuaren zerbitzura diseinatuta dago. Testuliburuetako edukietan eta curriculumetan ikusi dugu hori.

Zure iritzian, nondik hasi beharko lirateke aldaketak?
Euskal sistema publiko berri bat sortzetik. Eta horren atzean burujabetza dago. Iruditzen zaiguna da herrigintzak eta estatugintzak eskutik joan behar dutela. Izan ere, hezkuntza sistema propio baten eraikuntzak ezinbestekotzat du estatua. Eta alderantziz. Horretara goaz, baina trantsizio bat behar dugu. Publikotasun eredu berria administrazioetatik herrirakoa barik, behetik gorako norabideagaz irudikatzen dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!