“Une honetan, bakarrizketak euskaraz gaztelaniaz baino gehiago gozatzen ari naiz"

Idoia Torregarai 2021ko eka. 12a, 10:20

Zuhaitz Gurrutxaga bakarrizketari, aurkezle eta futbolari ohiagaz 'FutbolisTOK' ikuskizunaz, asaldura obsesibo-konpultsiboaz eta euskararen barre eragiteko eraginkortasunaz aritu da Idoia Torregarai. TTAP aldizkari digitalean publikaturiko elkarrizketa berreskuratu du ANBOTOk. Gurrutxagak FutbolisTOK bakarrizketa eskainiko du Durangoko San Agustin kulturgunean, gaur; 19:00etan izango da.

Futbolean hasi zinenetik 20 urte pasatuta, futbolaren gaia oholtza gainera eraman duzu. FutbolisTOK ikuskizunagaz zabiltza orain. Zelakoa izan da bide hau?
Mezu bat zabaldu nahi dut bakarrizketa honekin, hauxe: zer-nolako mesedea egiten duen norbere buruari barre egiteak eta norbere burua autoerridikulizatzeak, baita horrelako egoera dramatiko batekin ere. TOCa duen pertsonaren obsesioak eta konpultsioak irrazionalak dira %90ean, absurdoak. Nik horri buruz txiste bat edo umorea egiten dudanean, konpultsio hori edo obsesio hori absurdoa dela ikusten laguntzen dit argiago. Niretzat bakarrizketa hau botika bat da, mesedegarria da. Eta hori erakutsi nahi diot publikoari. Norbere buruaz barre egiteak bizitza pixka bat zoriontsuago egiten du, eta pixka bat gutxiago sufritzen laguntzen du. Hori teorian eta praktikan erakutsi nahi dut eta bakarrizketa honek horretan laguntzen dit.

Buruko gaixotasunei buruzko tabuak apurtzen ari zara.
Bai, hala da. Futbolari nintzen garaian, bihurritu bat egiten nuenean medikuarengana edo entrenatzailearengana joaten nintzen. Baina nola esan asaldura mental bat zenuela? Ezinezkoa zen. Egunerokoan ere jendeari kostatu egiten zaio hori azalaraztea. Bakarrizketa honekin gauza bat gertatu da. Ez zen inondik inora nire lehenengo intentzioa, baina jende askok idatzi dit pribatuan gaitz bera duela eta bakarrizketa oso lagungarri egin zaiola esateko. Mezu horiek jaso ditudanean benetan sentitu dut bakarrizketa honek espero baino gehiago ematen didala. Horixe da niretzat arrakastarik handiena.

Eta botika ona izaten ari da? Zelan zaude une honetan?
Orain 15 urte baino %400 hobeto nago. TOCa daukan norbaitek badaki kronikoa izan daitekeela; beraz, harekin bizitzen ikasi behar duzu. Ni oso kontziente naiz obsesio edo konpultsio bat burutzen dudanean zertan ari naizen eta ez dela hori bidea, baina beti ez duzu lortzen ez egitea. Baina banaiz kontzientea.

Umorean ibilbidea egin duzu azkeneko urteetan. Zelakoa izan zen hasiera?
Futbolari garaian gitarra ikasten hasi nintzen eta konturatu nintzen abesti batzuk egiteko gai nintzela. Kontzertu batzuk ematen hasi eta bertan abestien letrak azaltzen nituen, eta ohartu nintzen jendeak arreta gehiago jartzen ziola kontatzen nuenari kantatzen nuenari baino. Pixkanaka, gero eta gutxiago abesten nuen eta gero eta gehiago hitz egin, eta horrela iritsi nintzen bakarrizketetara. Futbolista baten konfidentziak izeneko bakarrizketarekin hasi nintzen, duela 7-8 urte eta FutbolisTOK jarraipen bat litzateke.

Tartean, telebista sartu zen, musikaren bidetik.
Tumatxak izeneko musika saioa aurkezteko zortea izan nuen duela zortzi bat urte, eta gerora, urtero zerbait egiteko aukera izan dut telebistan; batez ere, Herri txiki, infernu handi saioa. Eta oso eskertua nago nigan konfiantza jarri duten guztiei.

Zer eman dizu 'Herri txiki'-k?
Opari handi bat izan da, eta benetako maitasuna eman dit. Nik beste era bateko maitasuna ezagutu dut, futbolari garaikoa. "Aupa Gurru, el puto amo!" esaten zidaten egun batean, eta hurrengoan munduko txarrena nintzela. Herri txikiko maitasuna jende helduarengandik dator. Badakit maitasun hori egiazkoa dela, adin horrekin ez daude faltsukerietan ibiltzeko, eta benetan sentitzen dute. Horrek asetu egiten nau.

Bakarrizketak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzu. Oso desberdina da?
Duela 7-8 urteko bakarrizketa hartan erosoago sentitzen nintzen gaztelaniaz. Orain, erosoago eta askozaz gustorago sentitzen naiz euskaraz egitean, eta badu azalpen bat. Urte hauetan nire euskara maila hobetu egin da; batez ere, nire euskara batuaren maila. Erosoago sentitzen naiz euskara batuan hitz egiten, eta honek ere badu bere arrazoia. Nire bikotekidea baxenabartarra da, baigorriarra, eta orain berak oso ondo entendintzen dau Elgoibarko berbetia, eta nik biziki untsa konprenitzen dut Baigorriko mintzatzeko manera. Baina hasieran ez zen hain erraza, eta erdibide bat bilatu behar izan genuen, eta hori euskara batua izan zen. Ordura arte, euskara batua ez nuen nirea sentitzen. Eta orain, euskara batua nire egunerokotasunera iritsi da eta zurekin euskara batua ari naiz eta neure buruarengan sinesten dut, lehen ez bezala. Une honetan, bakarrizketak euskaraz gaztelaniaz baino gehiago gozatzen ari naiz.

Gaztelaniaz umorea egitea errazagoa delako mitoa sinesten zenuen?
Hori uste nuen. Aitortuko dizut lehenengo gaztelaniaz idazten dudala, eta txisteak ere lehenengo gaztelaniaz probatzen ditudala. Konplexu kontua izango da, baina nahiago izaten dut horrela egin. Gero, euskaraz idazten dut, nahiz eta desberdin idatzi. Nik ere uste nuen gaztelaniaz errazagoa zela barre eragitea, baina, zorionez, a zer-nolako zaplaztekoa hartu dudan azken urteetan. Euskara batuan barre eragitea posible da, eta ondo gainera. Kendu ditzagun konplexu guztiak. Nik kendu ditut, kostatu zait, neure buruari zaplaztekoa eman diodalako, baina, zorionez, euskara batuan barre eragin dezakegu, eta oso pozgarria da. Gozatu handia da; batez ere, nik ez nuelako uste. Euskarazko edukiek maila jaitsi egiten zutela uste nuen, eta orain, ohartzen naiz ezetz. Momentu honetan FutbolisTOK ikustera badator norbait, uste dut euskarazko edukia koska bat gorago dagoela. Gonbidatzen dut jendea euskaraz ikustera, eta ezin badu, gaztelaniaz ikusi dezala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!