Durangoko Kulturalak azken partiduan berdinketa bat nahikoa du Hirugarren Mailari eusteko

Ekaitz Herrera 2021ko eka. 10a, 13:40

Hirugarren Mailako denboraldia amaitzear da eta hondamendi handirik ezean Durangoko Kulturalak mailari eutsiko dio.

Joan zen asteburuan hiru puntu baliotsu lortu zituen Tolosara eginiko bisitan eta, emaitza horri eskerrak, zapatu arratsaldean Tabiran jokatuko den azken jardunaldian berdinketa bat nahikoa du maila segurtatzeko. Gainera, bere aurkariak, Lasarteko Urgatzi taldeak, ez du ezer ere jokoan, sailkapenenan azkenengo dagoelako mailari eusteko ezelango aukerarik barik. Lehenengo itzulian Kulturalak 1-4 irabazi zuen Lasarten.

Denboraldi irregular baten ostean, Durangoko klubak jaitsiera fasea jokatu behar izan du. Fase hori porrot bategaz hasi eta gero, 3-1 Somorrostron, entrenatzailea aldatu zuten apirilean: Jon Larreategiren ordez, Jon Gonzalez 'Peli' sartu zuten. Kulturalak ez du partidurik galdu entrenatzaile berriagaz. Aldaketa egin zenetik jokaturiko zortzi partiduetatik bost berdindu eta hiru irabazi ditu. Joan zen asteburuan Tolosan lorturiko garaipenak (0-2) salbazioaren atarian utzi zuen taldea. Josu Gallasteguiren gol biri eskerrak ekarri zituzten puntuak etxera.

Taldeak sendotasuna irabazi du entrenatzaile berriagaz. Zortzi partidutan gol bi baino ez ditu jaso. Bost berdinketetatik lau hutsean izan dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!