[BIDEOA] Ura dario berriro

Anboto 2021ko eka. 9a, 18:50

Durangoko Udalak hainbat garbiketa lan egin ditu Mañaria errekaren bueltan. Horren ondorioz, Santa Anako iturriak bere jatorrizko funtzionamendua berreskuratu du. "Lupetz tapoi batek" uraren sistema oztopatu du “denbora luzean”. 

Santa Anako presaren gainaldeko iturria martxan dago berriro ere, “denbora askoan” urik bota barik egon ostean. Udalak hainbat garbiketa lan egin ditu Mañaria errekaren ibilguan. Dimentsio handiko hainbat objektu erretiratu ditu bertatik, eta lan horiek ahalbidetu dute iturria berriro ere martxan egotea. Ezohiko iturriak Durangoko armarriaren forma du. Hiru ur-zorrotada jausten dira bertatik.

Auzolana

Durangoko Udalak adierazi du herria "ahalik eta modu garbienean mantentzearen alde" lan egiten jarraituko duela. Auzolana aipatu du horretarako tresna gisa. Aste honetan, esaterako, Andragunearen inguruko kanalak garbituko dituzte auzokide talde batekin elkarlanean. "Uste dugu Durangoko kaleak zaintzea eta garbi egotea ez dela izan behar bakarrik erakundeen ardura. Gauza asko egin ditzakegu herritarrok gure artean antolatuta, eta hori erakusten digute urtero egiten diren erreka garbiketek, jai herritarrek, txosnek, JAED bezalako elkarteen lanak, konfinamenduko elkarlaguntza sareek", adierazi du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!