Durangoko EAJk dio gobernu taldeak "2020ko udatik" zekiela Tabirako eraikinak "ez zuela konponketa gehiagorik onartzen"

Anboto 2021ko eka. 4a, 10:25

Ordu hartan "erabaki bat hartu izan balitz", Tabirako aldagelen eraberritzea "beste modu batera planifikatu" ahalko zela diote jeltzaleek.

Durangoko EAJk ohar batean adierazi duenez, gobernu taldeak "2020ko udatik" zekien Tabirako eraikinak "ez zuela konponketa gehiagorik onartzen". Udaleko teknikariek halantxik jakinarazi zutela diote jeltzaleek. "Eraikin horretan, bere antzinatasunaren ondorioz, obra txikiak egin izan dira, baina ez zuen konponketa gehiagorik onartzen. Duela urtebete, gertaeren berri izan zenean, erabaki bat hartu izan balitz, beste modu batera planifikatu ahal izango zen", adierazi dute. Udan igerilekuak "barrakoiz" beteko direla kritikatu dute, gobernu taldearen "planifikazio txarragatik". 

Bestalde, EAJk salatu du eraikinari dagokion txosten teknikoa eskatu duela, baina gaur gaurkoz ez duela informaziorik jaso. Azpimarratu duten beste kontu bat Kiroleneren lekualdatzeari buruzkoa da. Hain zuzen ere, Kiroleneren egoitza Tabirara lekualdatzea proposatu zuten jeltzaleek, joan zen astean. Eraberritzekoak diren aldageletan Kiroleneren instalazioak txertatzeko "une aproposa" direa iritzi dio EAJk. Gai hau eztabaidatzeko asmoz, jeltzaleek urgentziazko mozio bat aurkeztu zuten maiatzeko osoko bilkuran. Baina adierazpena ez zen eztabaidatzera ailegatu. Testuaren edukia aztertzera sartu aurretik, mozioaren izaera urgentea ote zen erabaki behar izan baitzuten zinegotziek. Udal gobernu taldeko kideen urgentea ez zela bozkatu zuten. EAJk "gehiengoa inposatzea" leporatu dio gobernu taldeari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!