Zelan deskribatuko zenukete Wellk?
Aritz Guinea: Wellk kirol jarduera areagotzen eta bizimodu osasuntsu bat eramaten laguntzen duen soluzio digital bat da, mugikorretarako aplikazio bat. Kirola egiteko erreminta guztiak jasotzen ditu eta kirol instalazioen tresnak hobetzen laguntzen du. Adibidez, kirol instalazioetan libre dagoen makina kopurua islatu dezake. Berdin igerilekuan zenbat jende dagoen. Bestetik, sare sozial bat eskaintzen du, kirolaren bitartez jendea hartu-emanetan ipintzeko. Azkenik, market place delakoa dago, hau da, tokiko kontsumoari loturiko atala. Zure inguruko fisioterapeutak, dietistak edo entrenatzaile pertsonalak zeintzuk diren ikusi ahalko da bertan. Herrietan kirol ekosistema bat sortzea da aplikazioaren helburua.
Euken Ercilla: Aplikazioan zure kirol jarduerak erregistratzen joan zaitezke. Helbururen bat baduzu, demagun pisua jaistea edo helmuga bat markatzea, aplikazioak horretan lagunduko dizu. Herrian zein kirol egin dezakezun markatu diezazuke. Kirola egiteko kideren bategaz hartu-emanetan ipintzeko ere balio du.
Zein fasetan dago aplikazioa?
A.G.: Oraindik ez dago sareratuta.
E.E.: Ikerketak egiten jarraitu gura dugu. Prototipoa ahalik eta erabilgarriena izan dadin gura dugu. Hurrengoko faseetan ipiniko dugu martxan, modu kontrolatu batean.
Kaleratze datarik baduzue buruan?
A.G.: Irailean Ibaizabal ikastolan egongo da erabilgarri.
Izan ere, Ibaizabal ikastolako Kirol Errotagaz lankidetza martxan duzue.
E.E.: Bai, oraingoz hasierako fasean gaude. Egoera zein den ikertzen gabiltza. Ibaizabalgo komunitatean zein kirol egiten den, zenbat kirol egiten den, zeintzuk diren erabiltzaileak... ikertzen gabiltza.
Kirola gailu digitalekin egiteko modua errotu egingo da?
A.G.: Nire ustez, bai. Teknologia alor askotan garatu da, baina iruditzen zait kirolak salto bat eman behar duela hor. Kirola digitalizaziora eta aire zabaleko inguruetara bideratzen joango dela uste dugu. Horregaitik diogu kirol ekosistema sortu gura dugula.