Regoyos, kalean pintatzen zuen artista

Anboto 2021ko eka. 4a, 09:30

Darío Regoyosen presentziak herritarren interesa pizten zuen Durangaldean. Paisaiak kalean margotzen zituen, bertatik bertara. Eskumako argazki horretan, margolaria Pinondon dago, San Agustin aldera margotzen. Artista herritarrez inguratuta dago, gazte zein heldu. Zein paisaia margotzen aritu zen? Behean ikusten den San Agustineko irudia. Castrejon jauregia eta Arte eta Historia Museoa ikusten dira atzean. Castrejon jauregia eraitsi egin zuten, eta leku horretan gaur egun Vicente Larrearen eskultura dago, museoaren eta Benita Uribarrena parkearen artean.

Kaleko lanari estudiokoa ere gehitzen zion Regoyosek. Gutun batzuetan jasota dagoenez, lan hori ez zuen Artekaleko edo Ermodoko etxeetan egiten. Iurretan estudio bat zuen, margolanak han lantzeko.

Euskal Herrian barrena
Regoyosek oso gogoko zuen Euskal Herria, eta, batez ere, bertako argia.  Baina Durangora etorri aurretik, pintoreak Euskal Herriko beste leku batzuk bisitatu zituen. 1890ean Donostian finkatu zen, eta estatuan egin zuen lehenengo erakusketa Arte Ederren Erakusketan aurkeztu zuen, Parisko Independenteen erakusketan. Bost urte geroago, Begoñako Basilikan ezkondu zen. Euskal Herriagaz zuen loturagaz jarraituz, 1897an Album Vasco grabatuen liburua argitaratu zuen. 1899an Donostiara joan zen bizitzera. Sasoi hartan, España Negra liburua argitaratu zuen.

Museoko arduradunek diotenez, Regoyosek inguruan margoturiko hainbat artelan dago Euskal Herritik kanpora. "Erakusketan honetan, gertuen ditugun margolanak batu ditugu", esan dute.

Bisita gidatuak martxan
Erakusketa zabaldu dutenetik, jendetza joan da Arte eta Historia Museora Regoyosen artelanak ikustera. Beraz, antolatzaileak pozik daude erakusketak izan duen harreragaz. Gainera, eguaztenetan martxan ipiniriko bisita gidatuak bete egin direnez, eguenetan ere egingo dituzte.

Bisita gidatuak-

Euskaraz - Doan
Ekainak 10: 18:00etan eta 19:00etan.
Ekainak 24: 18:00etan eta 19:00etan.

Gaztelaniaz - Doan
Ekainak 3: 18:00etan eta 19:00etan.
Ekainak 17: 18:00etan eta 19:00etan.
Uztailak 1: 18:00etan eta 19:00etan.

Izen ematea: 946030020
museo@durango.eus

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!