Durangoko Udalak hainbat diru laguntza kaleratu ditu "herri bezala aurrera begiratzeko". Zehatzago esanda, 293.500 euro bideratuko ditu herriko elkarteek antolatu gurako lituzketen ekintzak finantzatzeko. Gutxi gorabehera honako egitasmoak lagunduko dituzte diruz: kirol jarduerak, kirol fitxak eta arbitrajeak, ohiko eta ezohiko kultur ekimenak, euskara sustatzeko ekimenak, aldizkako argitalpenak, euskarari lotutako bekak, negozioetako kanpoko errotuluak eta web orriak euskaraz jartzeko gastuak, gizarte arloko ekintzak, eta, gutxienez 75 urte dituzten pertsonen etxebizitzak eraberritzeko lanak.
Durangoko udal agintarien esanetan apurka-apurka "etorkizunari modu baikorrean begiratzeko unea "da. "Herri bezala aurrera begiratu behar dugu, eta diru laguntza hauek norabide horretan lagundu dezakete", esan dute. Diru laguntzak eskatu gura dituenak Herritarrentzako Arreta Zerbitzura jo beharko du. Kontuan hartu beharreko datu bat da diru laguntzetako batzuk eskatzeko epeak ekainaren erdialdetik aurrera iraungiko dela. Horri buruzko xehetasun gehiago udalaren web orrian topatu daiteke.
Kopuruetako batzuk, kategoriaren arabera:
Diru poltsetako batzuk, kategoriaren arabera
- Umeentzako eta gazteentzako ekintzetara, 18.000 euro.
- Kirol jarduerak antolatzeko, 35.000 euro.
- Ohiko kultur ekitaldietarako, 78.000 euro.
- Euskara sustatzeko ekintzetara, 38.000 euro.
- Euskarari lotutako beketarako, 14.500 euro.
- 75 urtetik gorakoak diren herritarren etxebizitzetan obrak egiteko, 15.000 euro