Durangoko udalbatzak Arrazionalizazio plan berria onartu du, administrazio arloko Giza Baliabideak planifikatzen eta egituratzen lagunduko dion plan berria. Testuak EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen aldeko botoekin aurrera egin du. PSE-EEk abstentziora jo du eta EAJ kontra agertu da. Iker Urkiza EH Bilduko zinegotziaren esanetan, plan berriak "udalarentzat interesgarriak diren lanpostuak justifikatu" eta langileen "erretiro aurreratuak sustatzen" ditu. Herriaren Eskubideko Jorge Varelak dio planak segurtasun bat eskainiko diela beharginei, "prozesu judizialak hastera bultzatuta egon ez daitezen". Hain zuzen ere, epai batek Durangoko Udalari eskatu dio erretiro aurreratua hartu zuten hainbat behargini primak ordaintzeko. Udalak errekurritu egin du epai hori, eta auziak ez dauka behin betiko erabakia hartuta.
"Murrizketak", ELAren arabera
Dena dela, plan berriak ezinegona sortu du udaleko beharginen artean. "Murrizketak" ekarriko dituela diote, eta horren erakusgarri dira ELA sindikatuak deituta egin dituzten mobilizazioak. Azkena, atzoko osoko bilkurak iraun bitartean. Iñigo Andres Durangoko Udaleko beharginen komiteko presidentea da. Plan berriagaz, erretiro aurreratua hartzen duten langileek "prima kantitate txikiagoak" izango dituztela dio, eta aldaketa hori bereziki igarriko dutenak "organismo autonomoetako beharginak, irakaskuntza arloan ari direnak eta brigadako zenbait kide" izango direla gaineratu du. Bestetik, "bigarren aktibitateak" aipatu ditu. "Orain arte, arazoren batengaitik inkapazitatea ematen bazizuten, udalak zure gaitasunetara egokituriko lanpostu bat bilatzeko konpromisoa hartzen zuen. Indemnizazio bat zegoen. Baina plan berriagaz, behargina gura baino lehenago erretiroa hartzera behartuta dago, eta pentsioa murriztea ekarriko dio horrek", kritikatu du. EAJk antzeko iritzia du. Josune Escota zinegotziak adierazi du "kontsentsurik bako" plana dela, "murrizketak" ekarriko dituela, eta testu berriak ez duela "eskubide gehiagorik" eskaintzen aurreko planagaz alderatuta. PSE-EEk abstentziora jo zuen, "puntu nagusi birekin" ados ez zegoela-eta.
Udaletxeko kontu hartzaileak adierazi zuen Arrazionalizazio planean "lanpostu bat islatzea" ez dela "inondik inora" eskubideei loturiko kontu bat. "Eskubidea aurrez jubilatzeko aukera da, eta eskubide hori ez da galdu". Horixe berretsi zuen Urkizak. Eskubideek bere horretan segitzen dutela esan du.