“Emakume bakoitzaren onena ateratzea da Lookiero-ren misioa”

Anboto 2021ko mai. 23a, 10:20

Katalin Madariaga gradu amaierako lana egiteko sartu zen Lookiero-n. Sei urte joan dira harrezkero. Durangarra Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan (LEINN) graduatuta dago, eta, dioenez, ez da modaren jarraitzaile sutsua. Lookiero-ren sorreran bost lagun ziren lantaldean. Gaur egun, 300 pertsona dabiltza lanean bertan, eta zazpi herrialdetara zabaldu da.

Bezeroa ezagutu barik, Lookiero-ko 'personal shopper'-ak zer hartzen du kontuan arropa aukeratzeko?
Webgunean profil bat sortu eta galdetegi bat bete behar da: dugun ile eta begi kolorea, gogoko dugun estiloa bai lanerako bai egunerokoan erabiltzeko, neurriak, aurrekontua... Gainera, gura den guztia partekatu daiteke 'personal shopper'-agaz. Hori guzti hori aztertu ondoren, bost jantzi aukeratuko ditu kaxa osatzeko. Ohar bat ere bidaliko du, zergaitik aukeratu dituen eta zelan konbinatu azaltzeko.

Ez da erraza izango asmatzea. Arropa asko etortzen da bueltan?
Bai, etortzen da. Hala ere, gehiago da erosten dena. Anekdota moduan esan behar dut bueltan etorritako arropekin batera sorpresa batzuk ere agertu direla: telefonoa, telebista-agintea, ezkontza-eraztuna... Gatxena lehenengo kaxa osatzea izaten da beti, lehenengo zita lez. Apurka elkarregaz hartu-emana sortzea da gakoa. Baliteke lehenengo aldian batere ez asmatzea. Baina batzuek 30 kaxa ere eraman izan dituzte. Orduan ezagutzen da bezeroa. Feedback-a egotea oso garrantzitsua da. Zenbat eta informazio gehiago trukatu, orduan eta hobeto osatuko dugu kaxa. Argazkiak ipini daitezke sarean, sare sozialak partekatu…

Zein izan liteke Lookiero-n bezero?
Batez ere 30etik 50 urtera arteko emakumea; askotan, ama izandakoa (gorputza aldatzen da, ez dute lehen zuten denbora librerik...). Horrez gainera, erosketak egitea gustuko ez dutenak edo ikusmin soilagaitik probatzen dutenak ere badaude. Kaxa bakoitzaren atzean istorio bat dago. Argi dago emakume batek ez duela 'personal shopper'-ik behar bere bizitzan. Baina momentuko egoerak edo bizipenek bultzatuta, baliteke laguntza gura izatea bere burua ondo ikusteko, ondo sentitzeko; beste estilo batzuk probatzeko edo konfort-zonatik irteteko ere bai.

Hori da zuen helburua?
Emakume bakoitzaren onena ateratzea da gure misioa. Denok gura dugu geure burua ondo ikusi, bakoitza bere estiloan, eta oso garrantzitsua da jantzita daramagunak ondo eta seguru sentiaraztea. Horixe da gure ekarpena. Eguneroko moda da gurea, oso hurbilekoa. Ez dira look pentsaezinak.

Modari jarraitzen diozu?
Ez naiz modaren jarraitzaile sutsua, ezta tendentzia zalea ere. Nire gustuetara, nire egunerokora egokitutako moda gustatzen zait.

Zer ez da falta zure armairuan?
Praka bakeroa eta kamiseta zuria.

Dendarik denda ibiltzekoa zara ala gurago duzu Internetetik erosi?
Interneten asko kontsumitzen dut, egia da. Baina, zerbait berezia edo desberdina erosteko, gurago dut dendara joan. Denbora eta gogoa behar dira dendarik denda ibiltzeko. Internetek edozein momentutan erosteko aukera ematen du. Berehala duzu etxean erosketa, eta arduratu barik. Bien arteko oreka behar da. Dendek egungo premietara egokitu behar dute: arropa edo bestelakoak erakusteko, sare sozialak erabiltzera animatuko nuke jendea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!